Egun garrantzitsua izan ohi da Zarauzko Argazkizale Elkartearentzako hamarkada batzuetatik hona antolatzen duen Nazioarteko Argazki Mostraren irekiera ekitaldia. Aurtengoarekin 33. aldia betetzen du Ramon Ignacio Serrasen izena daraman mostrak, eta argazkizale ugari bertaratu ziren atzo arratsaldean Sanz Enea kultur etxean egin zuten irekiera ekitaldira.
Antolatzaileek nabarmendu zutenez, "ilusio handiarekin eta gogoarekin" zeuden erakusketaren irekieraren aurrean, baina nabarmendu zuten "urduri" ere bazeudela. Eskerrak eman zizkien Zarauzko Udalari –Xabier Txurruka alkatea eta Irune Urbieta kultur zinegotzia izan ziren ekitaldian– "urtean zehar egiten dituzten ekitaldi guztietan laguntzeagatik".
Aurtengoan ere lau argazkilari aukeratu dituzte mostrarako. "Lau bilduma desberdin izango dira, kultur etxeko lau aretotan, eta areto bakoitzean argazkilari baten lanak erakutsiko dira". 33. aldirako aukeratu dituzten egileak Estibalitz Beristain debarra, Iñaki Bolumburu gasteiztarra, Marina Martinez kataluniarra, eta Portugalen bizi, baina jatorriz brasildarra den Ana Abrao izan dira. Bakoitzari oroigarri bana eman zieten, eta beraien lanak deskribatzera gonbidatu zituzten.
Beristainentzako, Zarautzen erakutsi duen proiektua "erakusketa bat baino gehiago" da. Adierazi zuen, gustatzea baino, "kontatzea" duela helburua, eta lan horiek guztiak argazkilari beraren inguruan doazela. "Argazkiak leku eta garai desberdinetan atera ditut. Ez dut jakiten zertan ari naizen, baina argazki guztiek nire inguruko historia bat kontatzen dute", azaldu zuen. Esan zuen, baita ere, argazkigintza "terapia bat" izan dela, eta bilduma bere osotasunean ikusita, "ziklo baten amaieraren" aurrean dagoela.
Bolumburuk, bere aldetik, naturaren inguruko argazkiak ateratzen dituela esan zuen. "Kuriositatearekin hasi nintzen, eta terapia modu bat bilakatu da". Naturako uneak jasotzen aritzen dela esan zuen, baina, aldi berean, lan horiek argazkilari beraren inguruan gehiago kontatzen dutela. Bere bildumako irudiei ez die testurik jarri. "Idatzita nituen, baina nahiago izan dut jendeak bere ondorioak ateratzea".
Marina Martinezek, berriz, analogikoan lan egiten duela esan zuen, eta hiru urtetan egon zela laboratorio batean lanean, "errebelatzea modu egokian" ikasteko. Hark ere naturaren inguruko lanak ateratzen dituela esan zuen, "baina baita emakumeen ingurukoak ere, bidaietan aurkitzen dudan jendearena". Argazkiak "oroitzapenak gordetzeko" tresna egokiak direla iritzi dio, "memoria ezabatzen joaten delako".
Ana Abrao da nazioarte mailako argazkilari hautatua. "Oso pozik" zegoela adierazi zuen, bere "esperientziak eta historiak" erakusteko aukera eman zaiolako. Bere kamera aurrean jartzen diren pertsonak ulertzea gustuko duela esan zuen. Gaineratu zuen, "mendebaldeko gizartearekin harreman txikia duten komunitateko tradizionalekin egotea" oso gustuko duela. "Jendeak dituen ikuspuntu desberdinak gustuko ditut", azaldu zuen.
Erakusketa datorren urteko urtarrilaren 15era arte bisitatu ahal izango da Sanz Enean, 18:00etatik 20:00etara bitartean.