Edurne Egaña EKPko zuzendari zela egindako esleipenak legezkoak izan zirela esan du EAJk

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 13a

Edurne Egaña.

Joan zen urrian kendu zuten Euskadiko Kirol Portuetako zuzendari kargutik zumaiarra. PPko presidente Javier de Andresek "eskandalutzat" jo du haren kudeaketa, erregaia berariaz erostea eta amarratze prozesuetan "arbitrariotasunez" jokatzea leporatu dio. EAJk esan duenez, PPren salaketak "larriak eta faltsuak" dira, "kontrolik gabeko amorruaren" beste adibide bat.

Euskadiko Kirol Portuetako (EKP) zuzendari kargutik urriaren bukaeran kendu zuten Edurne Egañak erakunde horretan egindako kudeaketa salatu zuen atzo Javier de Andres PPren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presidenteak. Hain zuzen ere, alderdi horretako presidenteak "eskandalutzat" jo zuen haren kudeaketa, 2001etik 2024ra berariaz euskal portuetarako 17 milioiko esleipenak egin zituelako erregaia kontratatzeko. Gainera, EKPk lehiaketarik gabe egindako erregai erosketa batzuk EAJko kide Jose Ramon Arriaranen Esergui Diester enpresari egin zizkiola ere salatu du De Andresek.

PPko ordezkaria EAJri zuzendu zaio, alderdiari galdetu baitio zer zor duen Egañarekin. "Berariazko erosketak egitea ez baldin bada eskandalua... Ez dakit zer gehiago behar den; izan ere, EAJren interesen alde jokatu du", gaineratu du hark. Halaber, gogorarazi du Euskadiko Auzitegi Gorenak udan bi esleipen bertan behera uzten zituen bi epai kaleratu zituela, Donostiako eta Plentziako (Bizkaia) portuetako amarratze prozesuetan "arbitrariotasunez" jokatu zutelako.

EAJren Gipuzkoa Buru Batzarrak (GBB) ohar bidez erantzun die PPko presidentearen adierazpenei, eta azpimarratu du Egañak nahiz iaz hil zen Arriaranek, bakoitzak bere garaian eta zituzten erantzukizun instituzionalen esparruan, "zerbitzu publiko eredugarria" eskaini dutela. Jeltzaleek esan dutenez, EAJren eta afiliatuen aurkako salaketa "larriak eta faltsuak" PPren "kontrolik gabeko amorruaren" beste adibide bat dira: "Esaerak adierazten duenez, 'zikintzeko jendea, tintea baino gezurra hobea'. Horrek guztiak agerian uzten du PPren moralaren maila eskasa". EAJren aurkako "kalumniak" egin izana leporatu diote De Andresi.

GBBk zehaztu duenez, prezioa izan da erregai esleipenak egiteko irizpidea, eta esan du Egañak sekula ez dituela eskaintzak eskatu, jaso eta aztertu, hori teknikarien lana zela argudiatuta. Gainera, EAJk esleipen horien berririk ez zuela adierazi du. Horrez gain, GBBk esan du Egaña 2013an izendatu zutela EKPko zuzendari, eta "PPren babesa izan zuen aro sozialistan" erregaia gisa berean kontratatzen zutela: "EKPko teknikariek eskatutako eta preziorik txikiena eskaintzen zutenei esleitutako eskaintzetan oinarrituta".

Bestalde, PPk portuetako amarradurei kudeaketari buruz zabaldutako amiguismo eta clientelismo susmoak "funtsik gabeak" direla ere esan du GBBk. "PP amarratzaile batzuen haserrean oinarritzen ari da, kontrako arrazoiak eraginda: portuetan amarratzeko 'eskubide historikoak' galdu dituztela ikusi dute, EKPko zuzendari izan denak aplikatutako irizpidea aldatu dela, herritar orori atxikitako berdintasun printzipioa jarraiki".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide