Libe Amas ikus-entzunezkoei lotutako master bat ikasten ari da gaur egun Madrilen. Ikus-entzunezko Komunikazioa gradua ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean; ekainean amaitu zituen ikasketak, eta irailean Madrilera joan zen masterra egitera. Eta ondo baino hobeto hasi da bidea urratzen: irailean Deban (Gipuzkoa) egin zuten Animadeba jaialdian, euskarazko animaziozko proiektu onenaren Berria saria jaso zuen Amasek. Instagrameko @ipbaf.seriea kontuan ikus daiteke.
Animadeba jaialdian saritu dute zure lana. Zerk eraman zaitu han parte hartzera?
Egia esan, ez nekien jaialdi horrek existitzen zuenik ere. Hara aurkeztutako proiektua nire Gradu Amaierako Lana izan zen. Pasa den ekainean, lan hura amaitzeko gai izango ote nintzen zalantzak nituenean, unibertsitateko irakasleak zera esan zidan: proiektua tribunalari erakutsi behar nionean, ez esateko Gradu Amaierako Lana izango zenik; etorkizunean garatzen jarraituko nuen lan bat bezala aurkeztea gomendatu zidan, eta martxan zeuden lehiaketak, jaialdiak eta laborategiak begiratzea. Ez nuen ezer aurkitu. Halako batean, berak esan zidan, Animadeba jaialdiaren barruan, LAB delako atal bat zegoela, eta garapen egoeran zeuden proiektuak erakusteko aukera ematen zutela. Nire lana bidali nien, eta jada jaialdi hori ahaztuta nuenean, mezu bat bidali zidaten esanaz proiektua onartua izan zela.
Onartua izan zen, baina saririk jasotzeko esperantzarik ba al zenuen?
Sari desberdinak banatzen dituzte: batetik, euskarazko proiektu onenarena, eta bestetik, talentu berriena. Lana aurkeztera Debara joan ala ez zalantzan izan nintzen; azkenean, joan nintzen, nire proiektua aurkeztu nuen, eta pentsatu nuen hor bukatuko zela kontua. Hori ostegun batean izan zen, eta ostiralean Madrilera joan nintzen, han geratzeko. Larunbatean deitu zidaten esateko Berria saria irabazi nuela, eta sari banaketa ekitaldira joatera gonbidatu ninduten. Esan nien ezin izango nuela, ordurako Madrilen nengoelako. Dena hala izan zen, supituki!
Dena ezustean izan zen, orduan.
Bai, bai! Aurkeztu baino bost minutu lehenagora arte zalantzak izan nituen. Ez nekien lana aurkeztuko nuen, edo etxera bueltatuko nintzen! Sorpresa galanta izan zen, ez nuen eta inolaz ere saria jasotzerik espero. Dena den, sorpresa ederra izan da; izan ere, proiektua aurrera ateratzea asko kostatu zitzaidan. Dena bakarrik egin behar izan nuen, eta lana amaitzeko data ere banuen. Hori bai, halako ezusteko bat jasotzeak bultzada eman dit lanean eta ikasten jarraitzeko. Orain egiten ari naizen masterrak ez du zerikusirik animazioarekin, baina badut gogoa arlo horretan ikasten jarraitzeko. Madrilen aukera gehiago dago, eta animazioko ikastaroren batean izena emango dut.
Ikasle prekario baten amets frustratuak izena du zure proiektuak. Zehazki, zer da?
Serie labur bat izango balitz bezala planteatu dut. Oinarrian, nire bizitza kontatu dut. Nire traumak, nire bizipenak, modu grazioso batean kontatu nahi izan ditut, gertutasuna erakutsiz. Nire buruaz barre egitea gustatzen zait.
Pilula txikien modukoa al da?
Gradu Amaierako Lanerako sei kapitulu egin nituen, bi minutu ingurukoak, eta Budapesten Erasmus bekaren bidez egindako egonaldian oinarritu nintzen. Euskaraz egin ditut atalak, baina han nire pisukide guztiak erdaldunak ziren. Lehenbizi euskarazko kapituluak igo nituen, eta ondoren, kapitulu berberak, baina azpitituluekin.
Animazioa hitza erabiltzen da genero bat deskribatzeko, baina haren barruan mila eta bat mota edo teknika daude. Nola landu duzu zuk seriea?
Animazio digitala erabili dut. Lehendabizi, Ipad batean marraztu dut; ondoren, marrazki hori ordenagailura eraman dut, eta programa baten bidez animatu. Erasmun bekarekin atzerrian nintzen garaian ikasi nuen hori guztia. Han banuen animazioko ikasgai bat, eta pertsonaia bat sortu behar genuen. Nire burua pertsonaia bat bihurtzeko ideia orduan sortu zitzaidan. Irakasle batzuekin partekatu nuen ideia, eta egokia iruditu zitzaien.
Zure lagun eta ingurukoek ezagutzen al zaituzte pertsonaia horretan?
Esaten dut fikzioa dela, baina ez da hain fikziozkoa. Benetako gertaerak hartu ditut oinarritzat, eta haiei buelta bat eman diet, are eta grazia handiagoa emateko. Oinarrian dagoena, ordea, egia da. Hasieran kontatzen dut ingeniaritza hasi nintzela ikasten eta utzi egin nuela; eta hori guztia egia da. Kontatzen dut ingeniaritza gradu batek prestigio handiagoa duela arteko ikasketek baino. Hori guztia bizi izan dudan zerbait da. Pertsonaia nire erretratu nahiko fidela dela esango nuke.
Sei ataleko denboraldia egin duzu. Jarraipenik izango al du?
Badut horretarako gogoa. Proiektua Animadeban aurkeztu nuenean, aurrerapen moduko atal bat erakutsi nuen. Atal hartan nioen Madrilera nindoala, Erasmusekoa esperientzia kaotikoa izan zela, eta Madrilen antzerako zerbait aurkituko nuela. Orain Madrilen denboraz nahiko justu nabil, klaseak goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara ditudalako. Ez dut ezertarako denborarik izaten. Pixka bat lasaitzean, badut asmoa animazioarekin jarraitzeko.
Etorkizunean, ikusten al duzu zure burua animazio munduan lanean?
Masterrean, gustuko dudan zerbait ari naiz ikasten, baina uste dut lanerako erraztasuna emango didan bidetik noala. Errealizazioko masterra ari naiz egiten, Television Españolan. Praktikak bere garaian EITBn egin nituen, etorkizunean lan bat bilatzeko ideiarekin. Animazioak beldur handiagoa ematen zidan, etorkizunean ez nekielako non aurkitu ahal izango nuen irtenbideren bat. Nire buruan dago irtenbide seguru bat emango didan, eta, aldi berean, gustukoa dudan zerbait egitea, eta, gero, animazioarekin jarraitzea zaletasun bezala. Eta, uneren batean ikusiko banu bideren bat dagoela animazioan jarduteko, gustatuko litzaidake bide hori hartzea.