Duela zazpi urte hasi zinen indarkeria sexuala jasan duten biktimen testigantzak sare sozialen bitartez jasotzen. Badakizu esaten zenbat kontakizun bildu dituzun?
Badakit #Cuéntalo kanpainan 160.000 txio original egon zirela, eta horiei emandako erantzunekin, azkenerako, 790.000 erabiltzailek parte hartu zuten. Guztira, emakumeen 2,7 milioi iruzkin izan ziren. Tamainaren inguruko ideia bat eman dezake horrek. Bestalde, Instagramen duela bi urte martxan jarri nuen #SeAcabó kanpainaren bitartez, hamarnaka mila emakumek jo dute nigana. Hau da, astakeria bat.
Sexu indarkeria jarrera isolatuei dagokiela zeharo ezeztatzen du jaso dituzun testigantzen kopuruak, eta kontakizunen aniztasunak biolentzia horren izaera sistemikoa berresten du: haurtzaroko indarkeria egoeretatik hasi eta lan esparruetaraino doazen erasoak jaso dituzu No publiques mi nombre lanean. Horretan datza emakumeen kontakizunaren izaera iraultzaileak, indibiduoa gainditzen duen arazo bat agerian uztean?
Hain zuzen ere. Ohitura bat da, kultura bat; bortxaketaren kultura, zehazki. Eta kultura horretan murgilduta gaude. Gure gizarteko arauek eta kulturak barne hartzen dute emakumeon kontrako, gure gorputzen kontrako eta gure bizitzen kontrako indarkeria. Eraikuntza sozialaren oinarria da. Orain arte, baziren hau ikertzen zuten ahots batzuk, eta orain zera dago: nola gertatzen den kontatzen duten milioika ahots munduan. Hortaz, ikerketek, analisiek eta abarrek eskaintzen duten abstrakziotik testigantzetara igarotzean datza mugimendu honek guztiak. Zeren, milioika emakumeren ahotsetan biderkatzen diren testigantzek lortzen dute egiaztatzea hau guztia etengabe, testuinguru guztietan eta adin guztietan gertatzen dela. Eta horrek sexu indarkeria ulertzeko dugun modua dudagabe moldatu behar luke.
Epaitegian aurkitu ez duten babeslekua da emakumeentzat anonimotasuna?
Konfidentzialtasuna esango nuke nik. Emakumeek ez dute anonimotasuna erabiltzen, izen-abizenekin elkarbanatzen dituzte nirekin beren kontakizunak. Beraien identitatea ezabatzen dut, jaso dezaketen zigorra saihesteko. Horrek ez du esan nahi ez dutela babesik aurkitzen bide judizialean edo polizialean, baina #Cuéntalo-ko testigantzekin lanean ari ginela, konturatu ginen badirela emakume batzuk ezin dutenak beren identitatea erakutsi horrelako kontakizun bat zabaltzerakoan, jaso dezaketen zigorra izugarria delako. Zigor horren kontra okurritu zitzaidan beraien izenak ezabatzea, sufritzen dugun indarkeriari buruzko kontakizuna eta memoria kolektiboa ez daitezen izan soilik kontatzeko aukera duten horienak, baizik guztionak, gorputza jartzeko aukera ez dutenenak ere bai.
"Milioika emakumeren ahotsetan biderkatzen diren testigantzek lortzen dute egiaztatzea sexu indarkeria etengabe, testuinguru guztietan eta adin guztietan gertatzen dela"
Konfidentzialtasun hori, era berean, emakumeen kontakizunak bakartzen dituen beldurraren kulturari itzuri egiteko tresna izan daiteke?
Zeharkatzen gaituzten biolentzia guztiez gainera, isiltasunaren inposizioak zeharkatzen gaitu. Isiltasuna hausten duenak edo hark kontatzen duen hori babesten duenak, indarkeria ikaragarria jasoko du. Nire kontrako zigorrak, eta emakumeen aurkako indarkeria kontatzeko espazio publikoa hartzen duten emakume horien guztien kontrako zigorrak, balio du besteei erakusteko zer gertatuko zaien hitz egiten badute, zer gertatuko zaien hitz egiten dutenei babesa ematen badiete. Horrek beldur iraunkor bat sortzen du, eta beldur horrek otzantasunean hezteko indarra du.
Beldurraz badakizu zuk zerbait: Voxek zure kontrako gorroto kanpaina izugarria du martxan. Nola ari zaizu eragiten?
Fiskaltzari mesedez eskatu genion geldi zezala kanpaina, baina ez da gelditu. Nire aurpegiak Voxen webgunean jarraitzen du afiliatuak biltzen. Kongresuan ordezkaritza zabala duen alderdi batek zure aurpegia eta zure kontrako gorrotoa etekina ateratzeko erabiltzea oso gogorra da. Horren ondorioa zein den? Bizitza aldatu dit, oso-osorik: familiarekin ditudan harremanak aldarazi dizkidate, ez naiz kalera ateratzen alabarekin; espazio publikoa okupatzeko dudan modua aldarazi didate, zenbait egoeratan segurtasun profesionala behar izaten dut, ezin dut leku publikoetan egongo naizela iragarri zaintza hori izango ez badut; beldurra, antsietatea, loezina, neke kronikoa... Ondorioak pila bat dira. Bestalde, ondorio ekonomikoak ere hor daude. Ezin dut zenbait sektoretan lan egin, pertsona batzuek ez naute kontratatu nahi, nire irudi publikoari egin dioten mina izugarria baita. Gainera, seinalatzen zaituztenean, ez zaren pertsona bat bihurtzen zaituzte. Hau da, ni jada ez naiz kazetari bat edo idazle bat: gorrotoaren kazetaria ala gorrotoaren idazlea naiz.
Testigantzak biltzen hasi zinetik, sare sozialen zentsura ere sufritu duzu. Sistema bere burua babesten ari da?
Bai, bai, sistema da, bere burua babesten. Ar sareak dira, balio dutenak patriarkatua eusteko eta betikotzeko, horretarako sortu ziren. Noski, emakumeak azkarrak gara, eta sare horiek okupatu ditugu nolabait. Inori, ez X jaunari, ez Meta jaunari, ezta Instagram jaunari ere, ez zitzaion okurritu bere sareek balioko zutela emakumeok testigantzen mugimendu handi bat has genezan. Eta gertatu da, baina ordainarazi egingo digute, justu kontrako funtzioa egiteko pentsatu zituztelako sareak, komunikabideak kontrako funtzioa betetzeko pentsatuta dauden eran: bestela, galdetu beharko genuke zergatik emakumeok ez dugun gure kontrako indarkeriak ikusarazteko aukerarik izan harik eta sare sozialak martxan jarri diren arte.
Patriarkatua berrarmatzen ari den honetan, zer garrantzi du emakumeen testigantzak zabaltzen jarraitzeak?
Ezinbestekoa da, eta horregatik ari gara La Nuestra izena duen sarea sortzen. Testigantzak Instagrametik atera ditugu, eta emakumeei beren kontakizunak zabaltzeko segurtasun berme batzuk eskainiko dizkien tresna batera mugitu. Zergatik? Gure kontakizunak patriarkatua inpugnatzen duelako, eta beraz, ultraeskuinaren eta mugimendu biolentoen haziera ere bai. Horrek azaltzen du ultraeskuinak feminismoari dion amorrua. Sare, alderdi nahiz espazio ultraeskuindarrek, Estatu Batuetako presidentetik hasi eta azken youtuber ultra zikineraino, ahots indartsua lortu duten garai historiko honetan, emakumeen ahotsak, aldiz, metatzearen bidez eraikitzen dira. Beraz, memoria kolektibo horrek hazten segitzeak olatu bat dakar, hondartza zabor hondakinez garbitzen duen olatu bat.
Zumaiako Emakumeon Etxean izango zara bihar. Zer botere dute horrelako espazio seguruek emakumeek kontatzen duten hori entzuna izan dadin?
Beharrezkoak dira. Ez soilik eskaintzen duten segurtasunagatik, baizik indarkeriaren aurka borroka egiteko tresna direlako. Ultraeskuinak udalean edo erkidegoetan boterea lortzen duenean, egiten duen lehenengo gauza da horrelako lekuak ixtea, badakielako horiek ezkerreko mugimenduan klasikoagoak diren beste batzuek baino min handiagoa egiten diotela. Jakin behar dugu zeintzuk diren ultraeskuinak seinalatzen dituen etsaiak, horiek gure lagunak baitira.