Euskadiko Kirol Portuetako (EKP) zuzendari kargua utzi eta hurrengo egunean, Eusko Jaurlaritzak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailerako aholkulari izendatu zuen Edurne Egaña zumaiarra. Euskadiko Aldizkari Ofizialean jaso dute izendapena, eta han irakur daitekeenez, azaroaren 1az geroztik ari da aholkulari lanetan. Amaya Barredo sailburuak gidatutako Eusko Jaurlaritzaren departamenduan ariko da Egaña aholkulari lanetan, eta hain zuzen, Barredo bera izan zen Egañaren EKPko kargugabetzea sinatu zuena.
Kargugabetzea edo kargua uzteko erabakia pertsonala izan zela esan zion Gukari Egañak, albistea zabaldu berritan. Dena den, horren gaineko bertsio hainbat zabaldu dituzte hedabide batzuek, eta zehaztu dute kargugabetu egin zutela zumaiarra, Euskadiko Kontu Publikoen Auzitegiak egindako azken auditorian aurkitutako irregulartasu batzuk tarteko –lehiaketatik gabe egindako erregaien erosketak, esaterako–. 12 urtez aritu da Egaña EKPko zuzendari lanetan, 2013tik aurtengo urriaren amaierara arte.
EAJri lotutako ibilbidea egin du Egañak. Zinegotzia izan zen Zumaian, legebiltzarkidea ere bai gero, eta foru diputatu ere izan zen, Markel Olano diputatu nagusi izan zenean. GBBko burukidea ere bada –Joseba Egibarrekin hasi zuen bide hori, eta Maria Eugenia Arrizabalagarekin segitzen du–, baita Zumaiako Uri Buru Batzarreko presidentea ere.