Alba Lozano zinemagile barakaldoarra Aho beltza izeneko film laburra grabatzen dabil egunotan Zumaian. Itzurun hondartzan edota Torreberri gaztetxean aritu da zuzendari gaztea bere filmerako eszenak grabatzen.
Zuzendaria izateaz gain, filmeko gidoilaria ere bada Lozano, eta bertan gaurkotasuna duten gai batzuk jorratu nahi izan ditu, hala nola, lan jazarpena edo emakumeek duten papera gizonak nagusi diren ingurune profesionaletan. Pertsonalki bizi zuen egoera batek eraman du Lozano lan hau egitera. "21 urte nituela egin nuen lan lehen aldiz grabaketa batean. Filmatzen ari ginela, lantalde osoa elkarrekin bizi ginen, gutako askok zinea lehen aldiz egiteko ilusioarekin. Baina filmaketa bukatu genuenean, festa batean, hiru pertsonak — tartean nire nagusi zuzenak — nire mugak gainditu zituzten", azaldu du zuzendariak. Gaineratu du esperientzia hura "gogo biziz" hasi zuela, baina gertakari hark, "filmaketak eta zinemaren barruko botere-harremanak ulertzeko" balio izan ziola.
Miguel Garces eta Dorleta Urretabizkaia dira filmeko protagonistak, baina haien artean da, baita ere, Sambou Diaby aktore oikiarra.
Udalbiltzaren babesa
Azken egunotan Zumaian grabatzen ari den film laburra egiteko, Udalbiltzaren laguntza izan du Lozanok, bereziki kultur jarduerak besteko abian jarritako Geuretik sortuak programarena. Hari esker aukeratu zuen zinemagileak Zumaia bere lanerako eszenatoki bezala.