Iñaki Olazabal omentzeko bildu da euskal eskultore talde bat

Juan Luis Romatet 2025eko azaroaren 7a

Iñaki Olazabalen 'Elkarrizketa' eskultura multzoa, Gernika parkean. (Juan Luis Romatet)

Maiatzean zendu zen Iñaki Olazabal eskultorearen omenezko erakusketa prestatu du Euskahaldunak eskultore elkarteak Zumaian. 39 artistaren lanak erakutsiko dituzte.

Pasa den maiatzean zendu zen Iñaki Olazabal eskultorea, 65 urte zituela. 1959. urtean Andoainen (Gipuzkoa) jaioa, azken hamarkadetan Zumaian bizi izan zen. Haren heriotzatik urte erdia betetzen dela eta, bere omenezeko erakusketa ondu du Euskahaldunak eskultoreen elkarteak, eta gaur zabalduko dute, 19:00etan, Zumaiako Alondegiko Oxford aretoan. Iñaki Olazabal bidean du proposamenak izena, eta bertan, 39 euskal eskultoreren lanak erakutsiko dituzte, horietako bat bilduma honetarako espresuki sortua. 

Euskahaldunak kolektiboko presidente Guillermo Olmoren esanetan, Olazabalek betidanik kolaboratu izan zuen elkarteak antolatutako ekintzetan. "Justu zendu zen garaian, Zugaztietan [Trapagaran, Bizkaia] duen eskultura multzoko elementu batzuk laku batera bota zituzten. Horren berri emateko deitu genionean, bere emaztearen bidez jakin genuen zer egoera larrian zegoen. Egun bat geroago hil zen", du gogoan Olmok. Uretara botatako elementu horiek berreskuratu zituzten elkarteko kideek pasa den uztailean. "Han bertan omendu genuen Iñaki, eta ikusi genuen egokia izango zela bizi zen lekuan erakusketa formatuko omenaldia egitea", azaldu du presidenteak. Hala, Olmoren esanetan, lanbideko lagunak "obra banarekin" egongo dira presente Zumaian, "euskal eskulturari egin dion ekarpena gogorarazteko eta eskertzeko".

Olazabalek bere obra ia guztia zinkarekin egin zuela ere azaldu du elkarteko presidenteak. Olmoren iritziz, "oso artista gutxik" erabili izan dute zinka beren lanetarako. "Hiruzpalau lagun izango gara material hori erabiltzen dugunak", dio. Hala ere, Zumaiako erakusketarako, artista batzuek material horrekin egin dituzte lanak, "nahiz eta normalean erabiltzen ez duten".

Berezitasun bat izango du, ordea, gaur Oxforden zabalduko duten erakusketak. Izan ere, Alondegiaren kanpoaldean tamaina handiko obra bat jarriko dute. Zinka izena jarri diote, Olazabalek bere artelanetarako erabiltzen zuen materiala gogoratuz, eta Jose Luis Gonzalez Pazos eta Ana Herranz artistek egin dute, "artistaren omenez". Zinka erabiltzeko tailer bat antolatu zuten udan, eta bi artistek bi metro baino gehiagoko obra hori egin zuten. Olmoren esanetan, lan hori hilabete osoan egongo da Saregile plazan.

Ondarea jaso

Olmok nabarmendu nahi izan duenez, Olazabalek "jarraipena eman zion" euskal eskulturaren historiari. Olazabal Gaur taldeko "eskultore handien" hurrengo belaunaldikoa zela ere aipatu du. "Bere obran haren ondarea jaso du, herri gisa eta artistok gure obrarekin moldatzen dugun imajinario kolektiboarekin bat egiten duten forma eta bolumen ezagunak gehituz. Nortasun ezaugarri horietan are gehiago sakonduz egin du, baina gaur egun bizi dugun unearen ikuspegia galdu gabe, euskal eskultura berrituz eta eguneratuz".

Azaroaren 23ra arte

Erakusketa azaroaren 23ra arte bisitatu ahal izango da Zumaiako aretoan, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Asteburuetako eguerditan ere zabalduko dute, 12:30etik 14:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide