Pulporen zuzendaritza aldatzeko hauteskundeak deitu dituzue.
Iban Narbaiza: Legez, hauteskundeak deitu behar ditugu. Agintaldiak lau urtekoak dira, eta aurten tokatzen da hauteskundeak egitea. Beti zabaldu behar da hautagaitzak aurkezteko aukera; bazkide guztiek dute beren hautagaitza aurkezteko eta proiektuak azaltzeko aukera. Duela lau urte ez zen inor aurkeztu, eta oraingoan sona handiagoa eman nahi diogu deialdiari, egun batzarra osatzen duten lagun batzuen artean nekea sumatzen delako. Trantsizio baten beharra ere sumatzen genuen.
Zenbat agintaldi daramatzazue Pulpoko zuzendaritzan?
I.N.: Batzuentzako bigarren agintaldia da, baina beste batzuek are denbora gehiago daramate zeregin horretan; batzuek hamar urte baino gehiago. Gehienok zazpi eta hamar urte artean daramatzagu zuzendaritzan.
Halako klub bat gidatzea lan handia izango da, ezta?
I.N.: Gero eta lan gehiago eskatzen du horrek. Sentipena dugu kluba asko hazi dela azken urteetan. Jokalarien fitxak sei urteko epean bikoiztu egin dira, eta talde kopurua ere bai. Administrazio aldetik, gero eta lan gehiago egin behar da. Badago desgaste txiki bat, eta ideia berridun jendea sartzeak bultzada emango dio klubari.
Egungo zuzendaritzako kideok ba al duzue berriro aurkezteko asmorik?
I.N.: Talde bezala, ez. Alternatibaren bat agertuko balitz, esan dugu lagunduko genukeela eta trantsizio ordenatu bat egiteko prest egongo ginatekeela. Inor aurkezten ez bada, ikusi beharko dugu zer gertatuko den. Ideala izango litzateke trantsizio bat egitea.
Aurkezteko interesa duen inoren berririk izan al duzue?
Mariarro Alberdi: Oraingoz, ez. Beldurra dago, edo kezka, inor agertuko ez ote den. Aldaketa egiteko bere burua aurkezten duen inor ez zaigu inguratu oraindik.
I.N.: Bi gauzak egiten dute bat kontu honetan. Batetik, zuzendaritzako kide izateko gogoa eta denbora eduki behar dira. Eskubaloia bizi duen jende asko dago Zumaian, baina klub bat kudeatzea beste gauza bat da. Bestetik, gero eta zailtasun gehiago sumatzen ari gara fitxak betetzeko orduan. Agian, jendeari atzera eginaraziko dio horrek. Badago, baita ere, ideia bat zabalduta: inork ardura hartzen ez badu, gaudenok jarraituko dugula. Ez da hori gertatuko. Orduan, ondo legoke jendea aurkeztea, erabateko berrikuntza, edo, behintzat, partziala izateko.
M.A.: Ikusten dugu kluba handitu den bezainbeste ez dela handitu zuzendaritzako kideen kopurua. Klubak hartu duen tamainarekin, sei-zazpi laguneko zuzendaritza ez da nahikoa. Talde potentea behar da klubak egun dituen beharrei erantzuteko.
Zuen kasuan, ez da krisialdi baten ondorioz deitutako hauteskunde prozesua izan.
I.N.: Nekea badugu, baina bilera bat bukatzean afaltzera edo zerbait hartzera joaten gara. Harreman pertsonaletan ez da higadurarik egon. Orain bi urte saiatu ginen zuzendaritza handitzen. Ikusi genuen, genituen erronkak zirela eta, hobe izango zela lan batzuk beste era batera banatzea. Baina ez genuen jenderik topatu. Egia da gizarte mailan boluntariotza krisian dagoela. Hori diot, baina kontraesana ere bada, hemen, klubean, 60 entrenatzaile, 40tik gora ordezkari, zuzendaritzako zazpi kide, eta beste zenbait boluntario, denak musu truk aritzen baitira. Partaidetza sentimendua dute horiek.
Pentsatu al duzue boluntarioei ere soldata jartzea?
I.N.: Uste dut epe luzera horretara iritsiko garela; ez eskubaloian bakarrik, orokorrean, baizik. Eskolaz kanpoko ikasketen eredura gerturatzen ari da kirola ere. Ingeleseko klaseengatik ordaintzen badugu, eskubaloian aritzeagatik ere ordaindu egin beharko dugu. Dena den, ez da hori guk bultzatu dugun eredua. Azkenean, horrela arrakala sozioekonomikoa gerta daiteke. Izango dira batzuk futbola edo eskubaloia egiten dutenak, eta besteak korrika egiten dutenak. Ikusten ari gara instituzioetatik profesionalizaziorako jauzia egitera bultatzen ari zaizkigula. Hori zer epetan gertatuko den? Bost, hamar, hamabost urte... ez dakit. Esango baligute hemendik aurrera horrela izan behar duela, hemen, Euskal Herrian, futbola izan ezik, beste kirol guztia zintzilik geldituko litzateke.
Hauteskunde prozesuaren pausoak zein izango dira?
I.N.: Bazkideen batzarra abenduan egingo dugu. Azaroaren 15era arte jarri dugu hautagaitzak aurkezteko epea. Hautagaitza bat baino gehiago aurkeztuko balira, prozesu bat abiatu beharko litzateke proiektu horiek ezagutzera emateko, eta abenduko batzarrean bozkatuko lirateke. Hori prozesu ideala izango litzateke. Azaroaren 15erako hautagaitzarik aurkezten ez bada, beste prozesu bat abiatu beharko dugu. Inor aurkezten ez bada, guk zer egingo dugu? Alde egin eta zuzendaritza hutsik utzi? Beste formula bat aurkitu beharko litzateke, baina lehenik goazen gauzak ondo egitera, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.
Kideak ugaritu direla diozu. Zenbat fitxa ditu egun Pulpok?
I.N.: Oraintxe bertan, 500 baino gehiago.
Eta zein izan daiteke hazkunde horren arrazoia?
M.A.: Oinarriarekin egin dugu beti apustua. Lan handia egin dugu oinarriarentzako eredu izaten, ez kiroldegian bakarrik, baita kiroldegitik kanpo ere. Aldameneko herrietara gerturatzen saiatu gara: Getariara, Aizarnazabalera, Zestoara... Egia da lagundu digula senior mailako taldeek izandako eraldaketak. Beraiek ere klubeko erreferentzia bihurtu dira. Erreferenteak izatea gazteentzako positiboa da.
I.N.: Hasi ginenean diagnosi bat egin genuen, eta zer erronka genituen identifikatu genuen. Ikusi genuen, bereziki emakumeen kasuan, erreferenteak falta zirela. Egia da gurea zuzendaritza nahiko atipikoa dela, askok ez dugulako eskubaloian jokatu. Zerbitzuen edo hezkuntzaren mundutik gatoz, eta horrekin beste ikuspegi bat eman diogu klubari. Norantz egin nahi genuen erabakita, uste dut norabidearekin asmatu dugula.