Enor Zumaiako eta inguruetako desbideratuen asanblada transfeminista aurkeztu zuten joan den zapatuan Torreberri gaztetxean. Enor ezagutarazteaz gain, eskualdeko gainerako kuirren asanbladen berri jakiteko parada ere izan zuten bertaratutakoek, baita komunitatean elkartu eta elkarrekin gozatzekoa ere. Antolatzaileen esanetan, 40 bat lagun elkartu ziren han, eta egun emankorra izateaz gain, giro oso polita izan zutela nabarmendu dute. "Behar ditugu espazio seguru eta gozagarriak eta hori sortzen saiatu ginen, auzolanean. Beraz, eskerrik asko artistei, eskualdeko asanbladei, txandetan parte hartu zenutenoi eta gerturatu zineten guztioi", gaineratu dute.
Eskualdeko asanbladetako kideek osatutako mahai inguru batekin hasi zen zita: bertan izan ziren Azpeitiko Astindu Armayuek, Zarauzko Morroxkak, Orioko Pakak eta Zumaiako Enor. Ondoren, talde txikietan bildu, eta eskualde mailan saretzeari buruz hausnartu zuten; amaitzeko, taldeetako ideiak zirkulu handian elkarbanatu zituen. Tukana artistaren txanda iritsi zen gero: hark, Nire uzkia nire errefusa performancea oparitu zien Torreberrira bertaratutakoei. Afalostean, Siwanaba Djak saio ederra eskaini zuen.