Pello Rubio: "Hobeto moldatzen naiz lana isilpean egiten, bistan baino"

Maria Maya Manterola 2025ko urr. 28a, 10:00

Rubioren ekimenez hasi ziren biltzen PSE-EEko eta Batasunako politikariak, Txillarre baserrian. Han gertaturikoak biltzen dituzten liburua eta dokumentala aurkeztuko dituzte bihar Zumaian. 

Ezagunak dira euskal politikagintzan Txillarreko (Elgoibar, Gipuzkoa) sukaldeko otorduek emandako fruituak. Pello Rubioren (Zumaia, 1948) ekimenez, han bildu ziren hainbatetan zenbait politikari, besteak beste, Jesus Egiguren eta Arnaldo Otegi, eta garai haietan bizitakoak liburu batean bildu dituzte orain. Hain zuzen ere, Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek Rubiorekin hizketan osatu dute Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiorekin elkarrizketan liburua. Bihar aurkeztuko dute liburua Zumaian, 19:00etan, Aita Mari aretoan, Baleike kultur elkarteak antolatuta, eta HP produkzioak taldeak liburuaren idazte prozesuan grabatutako dokumentala ere emango dute. Txillarren bertan bildu da Guka Rubiorekin. 

Txillarre baserrian bildu ziren alderdi sozialistako eta ezker abertzaleko kideak. Zein zen helburua?

Beti gustatu izan zait lan zailak egitea, eta erronka bat zen hura. Arnaldo Otegi ezagutzen nuen, batetik; eta Paco Egea sozialista, bestetik. Lagunak ziren biak, bakoitza bere aldetik. Biei proposatu nien elkarrizketarako mahai bat eratzea Txillarren. Bi mundu desberdin ziren politikoki, baina elkartu zitezkeen mahai batean hitz egiteko. Hasiera batean ez zuen helburu gehiagorik: hiru lagun, beren desberdintasunekin, baina zergatik ez hizketan? Hala hasi zen. 

Urtebetez lauzpabost afari egin genituen hirurok: jan, edan eta berriketan egin. Horixe izan zen. Tonu onean eta arazorik gabe. 

Nola jaso zuten zure proposamena? Alde batekoek zein bestekoek baiezkoa eman zizuten hasieratik?

Bai, segituan; gogoa zegoen. 1999an hasi ginen elkartzen, eta 2000. urte hasieran planteatu zion Egeak Otegiri Jesus Egiguren etortzeko aukera. Horretarako ere ez zuten baiezkoa emateko zalantzarik izan. Gogoa zegoen bi mundu desberdin horiek elkartu eta hitz egiten hasteko. 

Garai korapilatsuak ziren, dena den.

Bai, eta beraz, are handiagoa zen erronka. Aukera izan genuen elkartzeko, hala ere. 

Politikari batzuk aipatu dituzu. Hemen topatu ziren lehenbizikoz?

Egiguren ez zuen inork aurrez ezagutzen, Egeak bakarrik, sozialistak baitziren biak. Arnaldo 17 urte zituenetik ezagutzen nuen nik, duela 50 urtetik. Eta Pacorekin kalean-eta topo egiten genuen, eta lagunak ginen. 

Mesfidantzak uxatzea erraza izan al zen?

Landu egin behar da, ezin da mahai baten bueltan ezezagunekin eseri eta hasieratik konfiantza izan. Uste dut horretan banuela paper bat bi mundu desberdin horiek poliki-poliki gerturatu eta harreman bat egin zezaten. 

Zein bilkura duzu gogoan bereziki?

Rodolfo Ares etorri zen bilkura. Tentsiorik ez zen izan, baina haren portaerak inpresioa eman zidan. Beste bilera bat ere badaukat gogoan, grabatuta: euskara hutsean egin genuen bilera bakarra. Beste bileretan beti zegoen baten bat gaztelaniaz bakarrik zekiena, eta beraz, hala egin behar izaten zuten. 

Bilera hartara, ordea, Ipar Euskal Herritik etorri ziren. Hemen izan ziren Frantxua Maitia PSFko kidea eta Xabi Larralde Batasunakoa, Egigurenekin eta Otegirekin. Denek zekiten euskaraz, eta beraz, derrigor egin behar izan zuten hala bilera. Iparraldean ere alderdi sozialistak eta Batasunak elkar ezagutzea eta harremanetan hastea nahi zen momentu hartan. Horren saiakera egin genuen hemen, Txillarreko mahaian.

Pello Rubio, Manuel Mari Garate zenak ondu eta oparitutako harri landuaren aurrean, Txillarre baserriaren atarian. (Maria Maya Manterola)
 

Zu bilerak sustatzen ibili zinen, baina parte hartzen zenuen? Iritzirik ematen al zenuen?

Hasieran bai. Lehen urtean bai, bat gehiago nintzen. Giroa sortu behar zen, mahaia era zedin. Sukaldaria izateaz aparte, izaten nintzen bileretan, beti gustatu izan zaidalako saltsa. Sentitzen nuen onartua nintzela bilera haietan. 

"Iritzia ematen nuen; sentitzen nuen onartua nintzela bilera haietan"

Bileran parte hartu ez zuten alderdiek, EAJk, esaterako, bazuten Txillarreko mahaiaren berri?

Ez. Ez zuten jakin, hala izan behar zuelako. EAJk, beste alderdiren batek edo prentsak jakin izan balu, mahai hau apurtu egingo zatekeen. Ez zen komeni apurtzea. Ahalik eta urte gehienez eutsi nahi genion mahaiari. Aznar zegoen gobernuan, eta Alderdi Politikoen Legea onartu zen momentu hartan [2002an]. Jo ta su zebiltzan beraiek, eta hau jakin izan bazuten, ezinezkoa zatekeen mahaiari eustea. Hor dago mahaiaren gakoetako bat: lau-bost urtez eutsi genion, ez zekielako ez Espainiako Gobernuak, ez EAJk, ez Ertzaintzak ere. Diskrezioa eta klandestinitatea derrigorrezkoak ziren.

Erraza egin al zitzaizun sekretupean mantentzea?

Jesusek kontatuko zion alderdiko norbaiti, Arnaldok ere bai, ziurrenik, eta ni erdian nengoen. Batzuetan, lapikoek bezala, behar izaten da presio pixka bat ateratzen uztea, dena gordez gero, lehertu egin zaitezkeelako. Baneuzkan nire mekanismoak horretarako. Kosta egiten da lau urtez horrelako kontu bat gordetzea, baina lortu nuen. 

Poliziarik izan al zenuten ikusmiran?

Apurtu zenean. Uste dugu Pernando Barrena jarraitu zutela Nafarroatik, eta horregatik topatu zuela poliziak pastel bat espero ez zuena. Ordura arte ez genuen seinalerik izan segika genituela susmatzeko. Egun hartan, kasualitatez, hemen pareko [Txillarre baserriko] aldapan zuhaitz baten parean topatu genuen bat, eta esan genuen: "Kito, harrapatu gaituzte". Zeintzuk ziren aztertu genuen, eta esan ziguten Foruzaingoko ikerketa unitateko kideak zirela. Orduan ondorioztatu genuen Barrenari jarraitu ziotela. 

Zenbat iraun zuen prozesuak?

1999tik 2004ra, ia bost urte. Asko da; guztira 60tik gora otordu izan ziren urte horietan. Maila horretako politikariak hainbeste denboran elkartzen mantentzea zaila da, klandestinitateari eutsi behar zaio, isilpean eduki behar da. 

Bildu bitartean hilketak eta atxiloketak izango ziren. 

Bai; hilketak zeudenean, geldialdia egiten genuen denbora batez. Prentsa-eta aztoratu egiten ziren, eta tarte bat hartzen genuen. Gero berriz elkartzen ginen eta jarraipena ematen genion mahaiari. 

Zer garrantzi izan zuten bilera horiek ETAren amaieran?

Beste fase batera pasatzeko izan ziren garrantzitsuak, gero Zapaterok irabazteko. Inork ez zukeen imajinatuko. Atotxako trenen kontua izan zen orduan; PPk zioen ETA izan zela, eta gezur horrek eraman zuen Zapatero irabaztera. Hori aldaketa handia izan zen, bat-batean PSOEko bat zegoen gobernuan. Jesusek lau urte zeramatzan hemen bueltaka, eta Madrilera jo zuen orduan, esateko ezker abertzalea prest zegoela negoziatzeko ETAren inguruan. 

"Beste fase batera pasatzeko izan ziren garrantzitsuak, gero Zapaterok irabazteko"

Garaiak aldatu dira. Uste duzu bete direla espektatibak?

Presoak oraindik ere barruan daude. Pausoak eman dira, eta uste dut merezi izan duela hemen egin zen lanak. Horrek ez du esan nahi, ordea, gatazka amaituta dagoenik. 

Txillarreko mahaian gertatuko zen kontatu ezin denik. 

Bai, esaterako, alderdi sozialistako kide batzuen Jesusekiko jarrerari lotuta. Seguru aski beste liburu bat idatz nezakeen barruan ditudanekin, baina Jesusekiko errespetuagatik mantenduko ditut isilpean. 


Pello Rubio, Txillarreko sukaldeko mahaian, liburua eskuetan. (Maria Maya Manterola)

Txillarreko sukaldaria liburua argitaratu berri da, dokumental batek lagunduta. Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek osatu dute liburua, zurekin elkarrizketan. Nola jaso zenuen proposamena?

Kasualitate batzuen bidez. Hogeitik gora urte pasatu dira. Lanak egiten ditut uste dudalako egin behar direla, eta ez gero kontatzeko. Bere momentuan bateren batek tentatu ninduen, eta ez nuen nahi izan. Hau irten egin da. 

Hobeto moldatzen naiz lana isilpean eta ezkutuan egiten, bistan baino. Hau horrela egitea komeni zen. Lagun bat Arrateko festetara eraman behar nuen duela urtebete, eta azkenean han geratu nintzen. Edurne San Martinen aldamenean bazkaltzea egokitu zitzaidan; han ezagutu nuen, Arrateko zelaian. Kuriositatez galdetzen hasi zitzaidan, eta txundituta geratu zen. Hau idaztea, grabatzea eta jendearei kontatzea komeni zela esan zidan, ez ikuspuntu politikotik –hori Arnaldoren eta Jesusen lana da–, baizik eta nik zer paper neukan hor, zer gertatu zen nire etxean. Horrela sortu zen aukera, bestela, beste hogei urte egongo nintzatekeen kontatu gabe. Orain gainezka egiten ari da gaia: ia 40 herri dauzkagu lotuta.

Dokumentalak laguntzen du ondo ulertzen guztia; liburuak baino gehiago, beharbada. Liburua osoagoa da, hala ere. Dokumentalerako hiruko elkarrizketa egin zidaten geratu gabe, eta txundituta geratu ziren egileak. Ordubetera laburtu dute. Gauzak barrutik atera zaizkit, hala sentitu ditudalako, eta esfortzurik egin gabe. 

"Jakin-mina dago gaiaren inguruan: jendeak badaki zer gertatu zen, baina detaileak ez dakizki"

Zer-nolako harrera izan dute liburuak eta dokumentalak orain artean?

Lau edo bost aurkezpen ekitaldi egin ditugu orain arte. Jakin-mina dago gaiaren inguruan: jendeak badaki zer gertatu zen, baina detaileak ez dakizki. Dokumentala ikusita barre egiten dute batzuek, eta negar ere bai beste batzuek. Interesa eta gogoa sumatu dugu, eta eskertza ere bai mahai honetan egin genuen lanagatik. 

Zumaian aurkeztuko dituzue bihar.

Hala izan zedin baldintza jarri nuen. Ez bakarrik liburua Zumaian aurkezteko; dokumentalean Zumaia agertzen da, ni zumaiarra naizelako. Dena azaltzen da liburuan eta dokumentalean. Nik esan nien Zumaian irudiak hartzeko eta azalduko nuela zergatik agertzen diren leku horiek. Nire derrigorrezko baldintza zen. 

Aurkezpenean salgai izango da liburua. Bertaratzerik ez dutenek, nola eskura dezakete?

Edurne, Asier eta HP produkzio taldekoak dirua ez galtzearekin konformatzen dira, ez dirua egitearekin. Dirudienez, liburua arrakasta izaten ari da, eta beste edizio bat aterako dute. Elkarrek hala esan digu, Durangoko Azokarako aterako dutela. Eta dokumentala seguru gustukoa izango dela. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide