Janire Gonzalez-Etxabarri omendu du Realak

Aritz Mutiozabal 2025ko urr. 25a, 09:30

Surflari zumaiarrak Realaren eta Sevillaren arteko partidako ohorezko sakea atera zuen atzo, Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire igerilariekin batera. Anoetako zaleek txaloz hartu zituzten hiru kirolariak.

Realak munduko txapeldun izan berri den Janire Gonzalez-Etxabarri surflari zumaiarra omendu zuen atzo Anoetan, Iñigo Llopis igerilari donostiarrarekin eta Nahia Zudaire igerilari zubietarrarekin batera.

Talde txuri-urdinak hirurak gonbidatu zituen Sevillaren aurkako partidaren hasierako ohorezko sakea egitera, eta hirukoa ilusioz eta pozez atera zen Anoetako zelaiaren erdira. Jokalariek eta zaleek txaloz aitortu zituzten hiru kirolariak, baita haiek egindako balentriak ere.

Surflari zumaiarrak irailaren erdialdean eskuratu zuen ISA World Surfing Games 2025 txapelketako garaipena El Salvadorren, eta itzuleran Ziske surf elkarteak merezitako harrera egin zion herrian. Llopisek eta Zudaire Singapurren jokatutako Munduko Txapelketan erdietsi zituzten beraien dominak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide