Kiskalita geratu da Santiago auzoan su hartutako baserria

Juan Luis Romatet 2025ko urr. 23a, 09:21

Su hartu zuen atzo arratsaldean Zuloaga familiak Santiago auzoan duen baserriak. Eraikinaren harrizko hormek zutik jarraitzen dute, baina sabaia guztiz erre da.

Sutea izan zen atzo arratsaldean Santiago auzoko Santa Luzia baserrian, eta eguna esnatzearekin batera, agerian geratu da suak eraikinean eragindako kalteak zer-nolakoak izan diren. Harrizko hormek zutik jarraitzen badute ere, egurrezko sabaia guztiz erre zen; apenas geratzen den haren arrastorik.

Zuloaga familiaren eraikinak 19:00 aldera hartu zuen sua, eta suhiltzaileak gauera arte aritu ziren sua itzaltzen. Larrialdi zerbitzuek gertaeraren berri izan zutenean, baserria jendez hutsik zegoen, eta ondorioz, ez zen inor zauritu. Txakur batzuk baziren eraikinaren barruan, baina horiek ere bizirik atera zituzten.

104 urteko historia

Berez, Santa Luzia etxea izena du su hartutako baserriak, nahiz eta Santiago baserria bezala ere ezagutzen zen herri mailan. "Horrela deitzen zioten Santiagon zegoelako eta Donejakueko kaperaren alboan zegoelako, baina bere izena Santa Luzia da", azaldu du Ismael Manterola Arte Historian Doktoreak, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Ignacio Zuloaga artistaren alaba zaharrenaren izena zen Lucia, eta haren ohorez jarri zioten izena baserriari. 

1920ko hamarkada hasieran egin zuten aipatu baserria, errepidearen alboan. Handik urte gutxira zabaldu zuten Santiago Etxea, Ignacio Zuloaga margolariaren etxea eta museoa. Aurretik, beste baserri bat aurkitzen zen eremu hartan. "Donejakueko ermita izan zena, aspalditik baserria zen. Ostatu bezala ere erabiltzen zuten, baina bazituen maizter bezala baserritar batzuk ere", dio Manterolak. Margolari eibartarrak kapera eta museoa egitea zuen asmo inguru hartan, baina horretarako han bizi ziren baserritarrak atera behar zituen eremutik. Manterolak dio kostatu zitzaiola baserri zaharraren jabe egitea. Helburua lortzeko, baserri berri bat egin zuen errepidearen bestaldean. Santiago Etxea bezala, Santa Luzia etxea ere Pedro Gimon artistak diseinatu zuen. "Inguruko eraikin guztiak antzerakoak izatea zen Zuloagaren asmoa". 

Baserritarrak 2005era arte egon ziren Santa Luzia etxean bizitzen, herri osoan zehar egin zen Divergentes izeneko arte proiektua zela eta, Zuloagaren biloba Maria Rosa Suarez-Zuloagak handik bidali zituen arte. "Etxe barruan arte proiektu hura garatzeko asmoa zuen hark. Aukera izan zen askorentzako etxea barrutik ikusteko, bestela oso zaila zen eta", dio Manterolak. 

Behin Divergentes proiektua amaitu zenean, etxea hutsik geratu zen, duela hamar bat urte pertsona batzuk eraikina okupatu eta bizitzera sartu ziren arte. Egun eraikinaren jabe den Ignacio Suarez Zuloagak etxean bizi zen familiarekin akordio antzerako bat zuela dio Manterolak. "Pertsona horiek etxe horretan bizitzeko aukera izango zuten, beti ere jabeak erabilerarik ematen ez bazion". Duridienez, azken urteotan etxearen jabeak aurkitu zuen harentzako erabilera, baina maizterrek ez zuten etxea uzteko asmorik erakutsi. "Alde horretatik, nahiko minduta zegoen, pertsona horiek ez zutelako akordioa bete", gaineratu du Manterolak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide