Gaur arratsaldean sua piztu da Zumaiako Zuloaga museoaren pareko Santiago baserrian. Zumaiatik Getariarantz kostako errepidetik joanez gero, errepidearen eskuinaldera dago erre den baserri hori. Santiago izenaz gain, Santa Luzia etxea bezala ere bada ezaguna leku hori.
Ertzaintzak hedabide honi azaldu dionez, 19:00ak aldera jaso du gertakariaren abisua, eta uneotan (22:03) suhiltzaileak sua itzaltzen ari dira oraindik. Haizea dela eta, gainera, luzatzen ari dira sutea itzaltzeko lanak. Gertakaria izan denean eremu horretan zeuden lekukoek azaldu dutenez, eztanda bat entzun da, eta gero kea hasi da ateratzen etxetik. Hala eta guztiz ere, momentuz ez dute jakinarazi zerk eragin duen sua.
Gukari Ertzaintzak azaldu dionez, ordea, ez da pertsonarik zauritu sutearen ondorioz, dirudienez, momentu horretan ez zegoelako inor etxean.
Baserriak N-634 errepidearekin duen hurbiltasuna dela eta, suteak zirkulazioan ere eragin du, eta momentuz itxita dago kostako bidea.
(Gukak albistea eguneratuko du informazioa jaso ahala)