Torreagako fabrika zaharra zegoen lursailean egitekoak diren babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntzak beste urrats bat eman du. Promozioko sustatzaile Zumaiako Udalak eta etxe horiek egingo dituen Sukia Eraikuntzak enpresak, etxebizitza horien zozketa arautuko duen akordioa sinatu dute gaur. Horrekin batera, iragarri dute etxe horien zozketan izena emateko epea azaroaren hasieran zabalduko dutela.
Hitzarmenak duela aste batzuk jaso zuen behin betiko onarpena, eta pasa den asteam argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Behin tramite horiek eginda, gaur sinatu dute akordioa.
Torreagako promozioan babes ofizialeko 46 etxebizitza egingo dituzte; denek ere garajeak izango dituzte, eta hamazazpik, gainera, trastetegia ere bai. Udalak alokairu publikorako logela bakarreko sei etxebizitza ere eskuratuko ditu. Horretaz gain, lehen solairuan, Gizarte Zerbitzuek kudeatuko dituzten sei apartamentu tutelatu eta espazio komun bat eraikiko dituzte, eta promozio barruan, zaintzaren beharrak asetu ahal izateko 1.400 metro karratuko espazio bat ere eskuratuko du udalak.
Zozketarako izen ematea
Eskaerak aurrez aurre egin ahal izango dira udaletxea, edo, online, udalaren egoitza elektronikoan. Eskaera eredua zumaia.eus webgunean eskuratu ahal izango dela adierazi du udalak.
Bete beharreko baldintzak honakoak izango dira:
- Etxebiden (Zumaian BOE erosketa erregimenean) eskatzaile izatea, 2025-09-19 egunerako.
- Errolda: Zumaian erroldatuta egotea azken 10 urteetan 5 urte gutxienez, edo 2 urte jarraian 2025-09-19a baino lehen.
- Diru-sarrerak (2024ko PFEZren arabera): 12.000,00 euro – 45.022,57 euro (gutxienekoa 3.000,00 euro mugikortasun urriko edo adimen-desgaitasuna duten kasuetan).
- Etxebizitza-premia: ohiko salbuespenak salbu, ez izatea etxebizitzaren jabetzarik edo antzekorik.
- Zozketa publikoa notarioaren aurrean egingo da; behin-behineko esleipena lortzen duten pertsonei Udalak jakinaraziko die, eta dokumentazioa egiaztatu beharko da.