Espainiako Unesco Geoparkeen Elkartea sortu dute estatu mailako sarea osatzen duten geoparke batzuek. Hasiera batean, zortzi dira elkartera batu diren geoparkeak, eta horien artean da Debak, Mutrikuk eta Zumaiak osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkea.
Pasa den astean Montserraten (Herrialde Katalanak) egin zuten geoparkeen jardunaldi irekietan aurkeztu zuten elkarte berria, eta bertan izan ziren erakunde berria osatuko dute geoparkeetako ordezkariak. Elkarte berriak, estatu mailako ekimen komunak egitea erraztu nahi duela azaldu zuten, hala nola, "kontratazio partekatuak egitea, laguntzak eta dirulaguntzak eskuratzea, eta zientzia, turismoa eta hezkuntza sustatzeko proiektuak koordinatzea".
Gaur egun, Las Loras, Origens, Euskal Kostaldea, Cabo Ortegal, Maestrazgo, Montañas do Courel, Catalunya Central eta Lanzarote geoparkeek osatzen dute elkartea, eta datozen egunotan beste bi gehitzea ere aurreikusten dute.
Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerente Leire Barriuso izango da elkarte berriko lehendakariordea. Haren hitzetan, "elkarteak geoparkeei bultzada emango die eta nortasun eta ikusgarritasun handiagoa ekarriko du".
Elkarteko sustatzaileen arabera, azken aldian asko handitu da lurralde desberdinetako geoparkeen arteko lankidetza eta koordinazioa, eta erakunde berri horren bidez beharrezkoa zen beste urrats bat emango da "geoparkeen kudeaketa eraginkorragoa eta agerikoagoa errazteko".