Zumaiako arraun elkarteak bere lehen 50 urteak ospatu ditu

Juan Luis Romatet 2025ko urr. 18a, 16:05

Zumaiako arraun elkartea sortu zutela 50 urte bete dira aurten, eta mende erdi hori ospatzeko bazkaria egin dute Zumaiako Herri Eskolako frontoian. Arraunlariak, arraunlari ohiak, entrenatzaileak, familiartekoa eta zaleak elkartu dira mahaiaren bueltan. 

Arraunaren historiako pasarte ahaztezinak idatzi ditu Zumaiak, Aita Mari elkartearen aterpean hasiera batean, eta, behin elkarte gastronomikotik banatu zenean, Telmo Deun arraun elkartearen izenarekin. 80ko hamarkado dominatzaileetako bat izan zen Telmo Deun, eta ordukoak dira gizonek irabazitako Kontxako bi banderak –emakumeek hirugarrengoa irabaziko zuten mende berrian–, baita ezarri zituen markak ere: denboraldi batean, lehiatutako estropada guztiak irabazi zituen, bi ere bai egun berean. Gaur gaurkoz, 50 urte horietan ez du inoiz zintzilikatu trainerua, eta une txarretan ere, beti aritu da Zumaia uretan. 

Historia eta pasarte horiek guztiak gogoratzeko eta ospatzeko, baina baita aurrera begiratzeko ere, bazkari baten bueltan elkartu dira orduko arraunlariak eta oraingoak, entrenatzaileak eta zuzendaritzetako kideak, familiartekoak eta, Aitor Manterola zinegotziak aipatu duen bezala, Zumaiako gorri kolorea odolean daramaten zaletuak. Ez dira besarkadak falta izan aspaldi ikusi gabeko lagunak berriro elkartu direnean.

Bazkariari ekin aurretik, Felix Aizpuruak gogoan izan ditu historia horiek guztiak, baita aurrekariak ere, arraun elkartea sortu aurretik Kontxako estropadetan aritutako Zumaiako eta Oikiako traineruen lanak, esaterako. Arritxu Iribar ez ditu ahaztu arraunean Zumaian aritu eta bazkarian ziren emakumeak, "hasieran aritu zirenak, oraingoak eta etorkizunekoak". Zumaian hasi eta orain beste klubetan arituta ere, bazkarira hurreratu diren arraunlariei ere eskerrak eman dizkie "beraien sustraiak ez ahazteagatik". Aipamen berezi bat egin dio Iribarrek gaurko hitzordura bertaratu den Norberto Torres Txirriri. 80ko hamarkada Zumaiaren aurkari nagusienetakoa izan zen Kaikuko patroia izan zen Txirri, eta gaurko bazkarira hurreratu da. 

Jon Maiak, arraunlari ohia bera ere, bertso batzuk abestu ditu bazkariari ekin aurretik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide