Larretxo auzoko irisgarritasuna hobetzeko plangintza egin du Zumaiako Udalak. Lan horiek Itzurunbideko igogailuaren azken fasearekin batera egingo ditu, eta horren guztiaren helburua "auzoko irisgarritasuna eta bizi-kalitatea" hobetzea dela azpimarratu du. Asmoa dute, lan horiek guztiak –igogailua martxan jartzea barne– urte amaiera baino lehen amaitzekoa.
Oinezkoen pasabideak hobetzean jarri du mira udalak. Adierazitakoaren arabera, Larretxo gaineko bidegurutzean bi zebrabide falta dira, eta espaloi batzuk bi metro baino estuagoak dira auzoko puntu batzuetan. Horiek horrela, udalaren esanetan, "egun ez dira irisgarritasun baldintza minimoak betetzen". Gaineratu duenez, bidegurutzean dauden aparkalekuek oztopoak sortzen dituzte. "Egoera honek zailtasunak eragiten dizkie oinezkoei; ez soilik gurpil-aulkian doazenei, baita edozein oinezkoari eta, kasu larrietan, anbulantzien kamillen garraioari ere", nabarmendu du.
Auzoan egitekoak diren lan horiekin, bizilagunak etxebizitzetatik igogailura "modu seguru, eroso eta irisgarrian" iritsi ahal izatea da helburua. Horretarako, aparkaleku batzuk kendu beharko dituzte, baina udalak azaldu duenez, "behar-beharrezkoak" direnak soilik kenduko dituzte, "irisgarritasuna bermatzeko neurri horiek ezinbestekoak baitira". Larretxon aplikatzekoak diren neurri horiek auzotarrek beraiek egindako eskaerei erantzunez gauzatuko dituztela ere adierazi du udalak, eta Irisgarritasun Planarekin bat datozela.
Eraldaketa berriarekin, inguruko etxebizitzetatik igogailura modu seguru, eroso eta irisgarrian iritsi ahal izango dira bizilagunak. Udalak azaldu duenez, behar-beharrezkoak diren aparkalekuak bakarrik kenduko dira horretarako, irisgarritasuna bermatzeko neurri horiek ezinbestekoak baitira. Neurri hau hainbat bizilagunek egindako eskaerei erantzunez gauzatuko da, eta Udalak Irisgarritasun Planean jasotakoarekin bat dator. "Proiektu hau ez da bakarrik azpiegitura berri baten eraikuntza, baizik eta auzoko irisgarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko urrats garrantzitsua", nabarmendu nahi izan du.
Igogailua, azken fasean
Larretxok bigarren igogailua izango du urte amaiera baino lehen –aurrekoak Ardantzabide eta auzoa lotzen ditu–. Udalak azaldu duenez, Itzurunbideko igogailuaren eraikuntza azken txanpan dago. Aipatu igogailuak hiru geldiune izango ditu: Itzurunbidea, erdialdeko belargunea eta Larretxoko goialdeko pasabidea.