Zesta punta utziko duela iragarri du gaur Imanol Lopez puntista zumaiarrak. Ibarrangeluko (Bizkaia) hondartzan egin duten Jai Alai Winter Series txapelketaren aurkezpenean eman du Lopezek erretiroaren berri. Iragarpena gaur egin badu ere, udaberrira arte jarraituko du jokatzen. Winter Series txapelketan arituko da atzelaria, eta bi hamarkada luzeko ibilbideari Zumaian bertan amaiera ematea da bere asmoa, San Telmo jaien bueltan antolatuko duten Mastersean.
23 urtetan aritu da Lopez profesionaletan, eta egun zirkuituko atzelaririk onena da. Zazpi urtez Munduko txapelduna, kontaezinak dira urte horietan guztietan lortutako garaipenak. Gorenean emango dio amaiera profesional mailan egindako ibilbideari. Izan ere, bi urtez jarraian Jai Alai Ligako irabazlea izan da, bietan ere Xabier Barandikarekin bikotea osatuta.
Umetatik
Lopez umetatik dabil zesta puntan. Iñaki Osa Goikoetxea edo Gotzon Enbil bezala, Odieta frontoi txikian ekin zion kirolari, 9 urte besterik ez zituela, eta 2003ko uztailaren 7an egin zuen debuta profesionaletan, Gernikan (Bizkaia). Miamiko (Florida, AEB) frontoian aritu zen Euskal Herrira itzuli aurretik. Hilzorian egotetik, zesta puntak azken urteotan izandako loraldiko protagonista ere izan da azken urteotan.