Ekonomia zirkularra sustatzea helburu duen Zuk konpondu, zuk berrerabili kanpaina jarri du martxan Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE), Emaus fundazioarekin elkarlanean. Zarautzen, Getarian eta Aian izan eta gero, gaur Zumaiara heldu da.
Goizeko 11:00etan zabaldu dute Beheko plazan bigarren eskuko produktuen azoka. Berokiak eta bestelako arropak jarri dituzte salgai, baita altzariak ere. Azoka 19:00ak alde egongo da zabalik.
Arratsaldean, azokaren gune berean jarri dituzten mahaietan, konponketa tailerrak egingo dituzte. Batetik, 16:00etan hasita, joskin tailerra egingo dute, eta, esaterako, praken galtza-barrenak hartzen, edo botoiak josten erakutsiko dute. Ordubete beranduago, 17:00etan, hasiko da gailu elektrikoak eta elektronikoak konpontzeko tailerra.
Bietarako ere, kaltetutako arropak edo matxuratutako gailuak eramateko eskatu diete arduradunek herritarriei, haiei bigarren bizitza emateko.