Bigarren eskuko azoka eta berrerabilpen tailerrak, plazan

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 9a

Kanpainaren barruan egindako joskin tailerreko irudia. (Emaus)

UKUEk eta Emaus fundazioak abiatutako Zuk konpondu, zuk berrerabili kanpainak geldialdia egingo du bihar egun osoan Zumaian, Eusebio Gurrutxaga plazan. 

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Emaus fundazioarekin elkarlanean abiatutako Zuk konpondu, zuk erabili kanpainak geldialdia egingo du bihar Zumaian. Eskualdean ekonomia zirkularra bultzatzea helburu duen egitasmoaren hitzorduak Zarautzen, Aian eta Getarian izan dira aurretik, eta Zumaiakoaren ondoren, hurrengo ostiralean, hilaren 17an, Orion izango da saioa. 

Bigarren eskuko produktuen azokak eta berrerabilpen tailerrek osatzen dute kanpaina hori. Zumaiako kasuan, bi jarduerak Eusebio Gurrutxaga plazan egingo dituzte. Azoka egun osoan izango da martxan, 11:00etatik 19:00etara bitartean; tailerrak, bestalde, arratsaldean egingo dituzte: 16:00etatik 19:00etara joskintza lantegiaren txanda izango da, eta 17:00etatik 19:00etara, tresna elektrikoena. 

Emaus fundazioko eraldaketarako teknikari Aizpea Lizarazuren hitzetan, UKUEk barne hartzen dituen udalerri guztiak bisitatuko dituen kanpainaren helburuak "herritarrak ekonomia zirkularrera gerturatzea, berrerabilpena bultzatzea, ohitura jasangarriagoak hartzea edota konponketarako autonomia sustatzea" dira. Orain arte egindako azokek eta tailerrek herritarren "erantzun ona" izan dutela ere nabarmendu du. 

Azokan, askotariko bigarren eskuko produktuak erosteko parada izango dute bihar plazara inguratzen direnek. Berrikuntza, ordea, arratsaldez egingo dituzten bi berrerabilpen tailerrak izango dira: matxuratutako tresnak edo kaltetutako arropak konpontzen ikasiko dute herritarrek adituen eskutik. "Askotan gertatzen zaigu ez dakigula galtza batzuen barrenak hartzen, edo botoiak josten, eta dendara eramaten ditugu. Konponketa txiki horiek egiten irakatsiko dute", informatu du. Aldi berean, joskintza tailerrean berrerabilitako oihalekin poltsak egiten irakatsiko dutela ere gehitu du. 

Gailu elektronikoak konpontzeko tailerra ere "oso interesgarria" dela iritzi dio Emauseko teknikariak. Haren esanetan, "aparailu elektriko eta elektronikoak gero eta gehiago erabiltzen dira egunerokoan", eta haren ustetan, interesgarria ere bada jakitea zer dagoen "kontsumo mota horren atzean, zer giza eskubide urraketa egiten diren tresna horietarako erabiltzen diren materialak lortzeko". Zentzu horretan, erantzukizuna kontsumitzaileena bakarrik ez, ekoizleena ere badela uste du teknikarik.

Tailerrean, aparailuak ireki eta barruan zer pieza dituzten erakutsiko dute, ahal dela, matxuratzen direnean piezak aldatu eta konpondu ahal izateko. 

Lizarazuk herritarrak animatu ditu etxean dituzten matxuratutako gailuak edo kaltetutako arropak eramatera arratsaldeko saioetara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide