Balenciagaren erosketa negoziatzen jarraitzen dute

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 9a

Ontzi baten uretaratzea Balenciaga ontziolan. (Astilleros Balenciaga)

Administratzaile konkurtsalak irailaren 12an ontziolako langileekin egindako bileran adierazi zien erosketa kontratua irailaren amaiera baino lehen sinatuko zutela. Langileek Gukari esandakoaren arabera, oraindik ez dute kontratua sinatu eta negoziatzen jarraitzen dute. 

Zumaiako Balenciaga ontziolako lan gatazkan argi izpiak agertu ziren pasa den irailean, baina leihoek oraindik erabat zabaldu gabe jarraitzen dute. Irailaren 12an iragarri zuten Donostiako Lan Arloko Epaitegiak ontzat eman zuela ontziola erosteko Abu Dhabi Port Groupek eta Premiere Marinek osatutako Safeen Drydock taldeak egindako proposamena.

Egun horretan bertan, Balenciagaren hartzekodunen konkurtsoa eraman duen administratzailea langileen bildu zen Zumaiako lantegian, eta esan zien ontziolaren erosketa kontratua iraila amaitu baino lehen sinatuko zutela. Bada, Gukak jakin du kontratua oraindik ez dutela sinatu, eta negoziatzen jarraitzen dutela. 

Pasa den irailean iragarri zutenez, aipatu taldeak 11,2 milioi eurotan erosiko zuen ontziola, hartzekodunekin zein langileekin duen zorra kitatuko zituen, eta lantegiaren jarduerarekin jarraituko zuen, eta 71 lanpostuei eutsiko zien. Hala, iazko udazkenean hasitako hartzekodunen lehiaketa bukatuko zuten. "Oso panorama polita erakutsi ziguten, baina kontratua sinatu arte ez gara lasai egongo", azaldu dio Balenciagako langile batek Gukari. 

Albistea "zuhurtziaz" hartu zuten orduan langileen ordezkariek. "Ez da ezer bukatu; ikusteko dago salerosketa gauzatuko al den" zioen CCOOko ordezkari David Tejerak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide