Udazkenarekin batera, tenperaturak behera egin ahala, hegaztiak hegoalderantz joaten dira migrazioan, negua igarotzeko leku epelagoen bila. Justu garai horretan bertan, nazioarte mailako SEO-Birdlife elkarteak Hegaztien Eguna antolatzen du urtero. Aurtengoan, klima-aldaketak dakarren mehatxuaz ohartarazi dute, arriskuan dauden espezien %66ri eragiten diolako. Problematika horren jakitun, eta hegaztien inguruan egindako jarduera desberdinei bere aletxoa jarri nahian, Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, jardunaldi berezi bat egin zuen igande goizean. Hegaztien eraztunketa izan zuten hizpide Foronda Kultur Etxean egindako saioan.
Geoparkearen deialdia haren mugetatik haratago heldu zen, eta Arrasate, Lasarte-Oria edota Hernani bezalako herrietako lagunak hurreratu ziren jarduerara. Haietako batzuk haurrekin bertaratu ziren, haientzako ekimen polita izan zitekeelakoan. Eguraldiak nolabait zapuztu egin zuen esperientzia, euriagatik ezin izan zutelako Forondako mendira igo.
Aranzadi elkarteko Olatz Aizpurua, Maitane Lizaso eta Joxe Ignazio Jauregi aritu ziren azalpenak ematen. Saioa hasi aurretik, oraindik eguzkia ateratzeko zegoenean, hamabi metro luzeko hiru sare jarri zituzten Forondako gune desberdinetan, eta haietan harrapatutako hegazti batzuei ezarri zizkieten jarraian eraztunak, haur zein helduen begiradapean.
Hegaztien eraztuntzea urteko garai desberdinetan egiten dituztela esan zuten, horretarako sareak erabiliz. Aipatu sareak egunsentian edo ilunabarrean jartzen dituzte, hegaztiak aktiboen dauden uneetan. Sareak behin eta berriro arakatu behar direla ere esan zuten, hegaztien ongizatea ziurtatzeko. "Euria egiten duenean, adibidez, sarean harrapatutako txoria busti egingo da, ezingo ditu hegalak zabaldu eta lehortu, eta hil egingo da", azaldu zuen adituak.
Hegaztien tamainaren arabera, tamaina eta material desberdinetako eraztunak jartzen dizkiete hegaztiei, baita, gero, haiek identifikatzeko fitxak bete ere, nazioarte mailan homologatutako kodeak erabiliz. Besteak beste, hegalen, luma handienen edota tartsoaren neurriak hartu zizkieten sarean harrapatutako txori txikiei, bi erregetxo bekainzuriei eta txantxangorriari, hain zuzen. Pisua ere hartu zieten. Lehenak hain ziren txikiak, pisuan apenas eman zuten lauzpabost gramo. "Hemen inguruan dauden hegaztirik txikienak dira", esan zieten adituek adi-adi begira zeuden lagunei. Txantxangorriak, txikia izanda ere, 15 gramo pisatu zituen.
Bertakoa edo migrazioan
Jarraian, txoriei hegoak zabaldu, eta sabeleko lumei putz egin zieten. "Modu horretan ikusten dugu ea gihartsua den edo koipea duen", adierazi zuen Aranzadiko teknikariak. Haren esanetan, bertako espeziek gihar gehiago izaten dute, eta migrazioan daudenek, aldiz, koipe gehiago, "atseden hartzen daudelako". Bertaratutakoen sorpresarako, informatu zuten txantxangorria ez dela bertako espezie bat, migrazioaren ondorioz negua hemen igarotzen duen hegaztia baizik. "Txori atseginaren fama du, baina justu kontrakoa da. Gizakiengana hurreratzen da beraien kontsideratzen duten espazioetatik urruntzea nahi duelako".
Datu horiekin guztiekin, baita lumen koloreekin ere, jakin dezakete hegaztia arra edo emea den, edo noiz jaioa den. Behin eraztunak jarrita, txori txikiek haurren eskutan utzi zituzten, beraiek berriro naturara itzuli zitzaten.