Zabaldu dute dagoeneko merkataritza lokalak ekintzaile berrien bitartez berreskuratzeko diru laguntza eskatzeko epea. Horien xedea da, Zumaiako Udalak azaldu duenez, herriko hiri-lurreko merkataritza lokalak betetzea edota jardueretan belaunaldi aldaketa sustatzea, ekintzaile berrien bitartez, merkataritza biziberritzeko helburuarekin.
Dirulaguntzaren iraupena urtebetekoa izango da, eta, gehienez ere 250 euro jasoko dituzte onuradunek hilabetean -betiere, alokairuaren %50eko kopurua gainditu gabe-. Halaber, BEZa ez da diruz ordainduko. Erakundeak azaldu du laguntza eskatzeko azken eguna urriaren 17a izango dela, egun hori barne, eta eskaera udaletxean aurkeztuta edo modu telematikoan egin beharko dute interesa dutenek.
Dirulaguntza lortzeko oinarrietan zehaztutako baldintza guztiak bete beharko dira, hala nola onuradun eta errentatzailearen artean familia loturarik ez egotea; Zumaiako zerga, tasa eta bestelakoen ordainketak eguneratuta izatea; Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta edukitzea; edota, negozioan euskararen presentzia bermatuta egotea. Baldintza guztiak oinarrietan zehaztu dituzte, eta guztiak betetzen direla ziurtatu beharko du eskatzaileak.