Hegaztien eraztunketa gertutik ezagutzeko saio praktikoa egingo du Geoparkeak Zumaian

Juan Luis Romatet 2025ko ira. 30a, 16:08

Buztangorri argi eraztuntua. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Hegaztien Egunaren harira egingo dute ekimena, igandean, urriaren 5ean, Foronda jauregiko lorategian. Interesdunek aurrez izena eman beharko dute. 

Udazkenarekin batera, hegazti mota askok migrazioari ekin diote, neguko hotzetik urrundu, eta klima epelagoaren bila. Hori dela eta, eta SEO-Birdlife elkartearen Hegaztien Egunarekin bat eginez, hegaztiak protagonista izango dituen jarduera antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak datorren astebururako. Urriaren 5ean egingo dute, igandez, goizeko 10:00etan, Forondako lorategian. 

Hegaztien eraztuntzean sakontzeko aukera izango dute egun horretan Forondara igoko direnek. Hala, eraztunketa zientifikoaren garrantzia ezagutuko dute jardueran parte hartuko dutenek, baita nola egiten duten ikusi ere. Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen laguntza izango dute horretarako. Bi ordu inguruko jarduera izango da, eta euskaraz emango dute. Deialdia irekia eta doakoa izango da, baina aurrez izena eman beharko da labur.eus/hegaztiak2025 loturako formularioa beteta, edo Zumaiako Turismo Bulegoko 943-14 33 96 telefono zenbakira deituta. 

Geodibertsitatearen Nazioarteko Eguna

Urriaren 5a da Geodibertsitatearen Nazioarteko Eguna, eta horren harira bi ekintza antolatu ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Larunbatean egingo dituzte biak ere. Goizez, Asier Hilarioren eskutik Deba eta Mutriku arteko ibilaldi interpretatua egingo dute, batetik; eta, bestetik, Flyscharen ibilbidea txangoa erdi prezioan eskainiko da, arratsaldean.

Ibilaldi interpretatua goizeko 10:00etan aterako da Debako kirol portutik. Talde murriztua izango da, eta interesdunek aurrez izena eman beharko dute labur.eus/geodibertsitatea inprimakia beteta, edo Debako Turismo Bulegora (943-19 24 52) deituta. Flyscharen ibilbidea, aldiz, 16:30ean aterako da Txomin Agirre kaitik. Izenak labur.eus/geo25 loturan emango dira (#geo25 kodea erabilita), edo Zumaiako Turismo Bulegora (943-14 33 96) deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide