Korrikalariak eta boluntarioak izango dira protagonistak aurtengo Flysch Trail lasterketan

Juan Luis Romatet 2025ko ira. 25a, 16:36

Goizean Santa Klaran egindako aurkezpeneko irudia. (Juan Luis Romatet)

Urriaren 5ean korrituko duten Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren hamaseigarren edizioa aurkeztu dute gaur Santa Klara landetxean. Berrikuntzak izango dira, baina ibilbidea iazko bera izango dute parte hartuko duten 684 korrikalariek. Horietatik 232 izango dira Zumaia bertakoak. Emakumeen parte hartzea, bere aldetik, iazko aldiaren antzerakoa izango dela ere azaldu dute.

Mendia alde batera, eta itsasoa bestera. Hala korrituko dute aurten ere Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa. Urriaren 5ean jokatuko dute aurtengoarekin bere hamaseigarren aldia beteko duen karrera. Haren berri emateko prentsaurrekoa eskaini dute gaur eguerdian Santa Klara landetxean. Ekitaldian izan dira Aitor Manterola kirol zinegotzia eta Maite Egaña berdintasun zinegotzia; Libe Otegi Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo zuzendaria; Santa Klara landetxeko jabe Ana Mari Eizagirre, Karlos del Pilar korrikalaria eta boluntarioa; Mikel Aranbarri Rural Kutxako kidea; Iñigo Lazkano Zelai Talasoterapia Hoteleko zuzendaria; eta Luis Zulaika korrikalaria.

Duela hiru urte hartu zuen Zumaiako Udalak mendi lasterketa antolatzeko ardura, aurretik aritu zen taldeak utzi eta gero. Aitor Manterolak ekitaldian nabarmendu duenez, antolakuntza taldean jende ugari aritu da, eta denei ere eskerrak luzatu nahi izan die. Manterolaren arabera, "korrikalariak eta boluntarioak dira Zumaiako probako protagonistak". Izan ere, 225 boluntario arituko dira haien borondatez lanean proba behar bezala joan dadin. Boluntariotza, oro har, krisialdian dagoen garaian, Zumaian ariketa polita egiten dela azpimarratu du zinegotziak.

Azken urteotan egin bezala, bi distantziatan jokatuko dute Zumaiako lasterketan, 24 kilometroko proba luzea eta 14 kilometroko laburra. Luzeko korrikalariak goizeko 09:30ean aterako dira Eusebio Gurrutxaga plazatik, eta ordu erdi beranduago, 10:00etan, proba laburrekoak.Adin txikikoek ere (14-17 urte) 14 kilometroko proba egingo dute.

Ibilbide aldetik, iazkoarekin alderatuta aldaketarik ez dagoela azaldu du Karlos del Pilarrek. "Iaz aldaketa bat egin genuen, eta horrek aukera eman zuen Santa Klaratik igo eta jaisteko", gogoratu du. Behin pasa den urteko proba amaituta, parte hartzaileekin harremanetan jarri ziren antolakuntzako kideak haien iritziak entzuteko. Boluntarioaren arabera, aldaketak "arrakasta handia" izan zuen korrikalarien artean. "Itsasoaren ondotik korritzeak xarma du, plus bat eskaintzen du, eta ibilbide berarekin jarraitzea erabaki dugu".

Emakumeen parte hartzea

Guztira, 684 korrikalarik hartu dute parte aurtengo aldian. Izen ematea pasa den maiatzean zabaldu zuten, eta iazko krosean gertatu bezala, minutu gutxiren bueltan ahitu ziren. Lasterketa luzean 394 lagun arituko dira, laburrean 271 eta 19 adin txikikoenean.

Emakumeen parte hartzea sustatzeko ekimen desberdinak egin ditu udalak azken urteotan. Maite Egaña zinegotziak azaldu duenez, udalak probaren antolakuntza hartu zuen lehen urtetik bigarrenera, emakumeen parte hartzean salto handia egon zen, baina oraingo honetan egonkortu egin da. Guztira, 208 emakume arituko dira aurtengo Flysch Trailean, orotara parte hartuko dutenen %30. "Lasterketa laburrean %46 dira emakumeak, baina luzeko kopuruek asko jaisten dute ehuneko osoa". Nabarmendu du, baita ere, adin txikikoen lasterketan sei izango direla neskak; iaz ez zen neskarik izan karrera horretan. 

Ingurumena zaintzeko neurriak

Berrikuntza batzuk ere izango dira aurtengo aldian aurrekoekin alderatuta. Jakinik traila ingurune babestu batetik igarotzen dela, ingurumena zaintzeko neurriak hartuko dituzte. Hala, norberak bere edalontzia eraman beharko du. "Ahalik eta hondakin gutxiago sortzeko, ez da edalontzirik emango bidean", azpimarratu du Aitor Manterolak. 

Helmuga puntuan ere nahi baino hondakin gehiago sortzen dela ere azaldu du zinegotziak. "Korrikalariek zein helmuga puntuan daudenek edozein tokitan uzten dituzte latak eta edalontziak". Zentzu horretan, produktu horiek zakarrontzietara botatzera animatu nahi dituzte. 

Aniztasun funtzionala dutenentzako zerbitzua

2025eko Flysch Trailak beste berrikuntza bat ere izango du. Aniztasun funtzionala edo desgaitasunen bat duten pertsonentzat haien beharretara egokituko zerbitzua jarriko dute aurten. Luis Zulaika herritarra jarri zen udalarekin kontaktuan haren egoeraren berri emateko. Duela hamabi urtetik Parkinson gaitza du, eta korrika egitea beharrezkoa duela azaldu du aurkezpenean, "bizitzara engantxatuta egoteko". Iaz korritu zuen lehendabizikoz lasterketa laburra eta aurtengorako ere dortsala lortu du. 

Running Minds ekimena, larunbatean

Aurtengo lasterketako beste berrikuntza bat larunbaterako prestatu duten Running Minds ekimena ekingo dute. Kilian Jornet Fundazioarekin elkarlanean sortutako ekintza honek "ingurumenaren inguruko kontzientziazioa" sustatzea helburu duela adierazi du Aitor Manterolak. 

Lasterketaren bezperako egunean egingo dute ekimena, Zelai Talasoterapia Hotelean. Goizeko 09:00etan aurkezpena egingo dute, eta 09:15ean Jornetek diseinatutako Nnormal oinetakoekin probak egingo dituzte. Horren ondoren egingo duten ibilaldi neurtua izango da zapatuko ekimeneko oinarria. Zortzi kilometroko buelta izango da, "saltaka poliki edo oinez egitekoa", Manterolak esandakoaren arabera. Hiruzpalau geldialdi egingo dituzte bidean, eta horietan azalpenak emango dituzte bi adituk: Izaskun Zoritak, Itsasoaren eta Itsasertzaren Kudeaketan ikertzaileak, eta Gonzalo Torre biologoak eta Geoparkeko Ingurumen koordinatzaileak. Ibilaldiaren amaieran, hamaiketakoa izango da Zelai Talasoterapia-Hotelean.

Running Minds ekimenean parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da, hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide