Ikasturtea bertan hasi du zenbaitek, baina gaur egin dute irekiera ekitaldi ofiziala. Hasi da Zumaiako Mojaxarren Komentuaren bigarren bizitza. Bertan elkartu dira gaur arratsaldean Zumaiako Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariak nahiz herriko kultura arloko eragileak eta pertsonak.
Hirugarren solairuko gela argitsua aise bete dute bisitariek irekiera ekitaldian. Ezusteko batekin hasi da, han bildutakoentzako opari batekin: Lucia Lacarra eta Matthew Golding dantzarien emanaldiarekin. Ederra izan da, hunkigarria, eta txalo zaparrada batekin erantzun dute ikusleek. Ikasturtea bertan hasi duten Musika Eskolako bi ikaslek hartu dute hitza gero: esan dute aukera berriak zabaldu dizkiela Komentuak, eta ilusioz direla, "nahiz eta oraindik batzuetan eraikinean galdu egiten diren".
Iñaki Ostolaza alkateari eman diete hitza gero. Hark aipatu bospasei urteko lanketaren helmuga iritsi dela dirudien arren, abiapuntu batean besterik ez dagoela Komentua. Urteotan guztiotan bidelagun izandako instituzioak nahiz Zetabi arkitektura bulegoaren lana eskertu nahi izan ditu Ostolazak, gainera.
"Oraindik ere amaitu ez den" parte hartze prozesuaz ere aritu da. Izan ere, arte eszenikoen bueltan dabiltzanei eskainitako eraikina da Komentua, eta haren erabilera nahiz funtzionamendua definitzeko, urteetako parte hartze prozesua egiten ari dira herritarren eskutik. Aterpetxea ere aipatu du alkateak: ekosistema kulturala sortzeko balioko du, haren ustez, eta sormena garatzeko gune bat eskaini nahi liekete bertan herritarrei nahiz lurralde mailan kulturaren nahiz sormenaren bueltan dabiltzanei.
Erabilera publikoa, ondarea zainduta
Marina Bidasoro Kultur zinegotziak ere "abiapuntu bat" aipatu du hitzartzean, nahiz eta 2019an Udal Gobernura heltzean Komentuaren biziberritzea jarri helmuga gisa. Musika Eskolaren eta kultur eragileen beharrei erantzuteko eraikina izateaz gain, ordea, Alde Zaharrean kokaturiko eraikin historikoa ere bada Bidasororen esanetan, eta ondarea babestea ere garrantzizkotzat jo du hark. Erabilera publikoa eta ondarearen zaintza uztartzea, alegia.
Komentuaren "lehen fasea" inauguratu da gaur ofizialki: Musika Eskolako eta kultur arloko kideak martxan dira dagoeneko. Baina iragarri du udaberrian etorriko dela bigarren zabalpena: auditorioarena eta lorategiarena, ospakizun festa handi batekin.
Prozesuan zehar bidelagun izan dituzten eta aurrerantzean Komentua erabiliko duten kultura arloko eragileak aipatu ditu, bestalde, Miriam Romatet Kultur teknikariak. Zutrikeko Alex Olidenek eta San Pedro abesbatzako Itxaso Aldalurrek ilusioa aipatu dute ekitaldian, "oraindik ere beharren inguruan hausnartu eta horretara egokitu beharra badago ere". Mojek elkar entzuten dakitela nabarmendu du Aldalurrek, eta haren ustez, balore hori bera indartzeko balioko die prozesuak berak eta Komentuak aurrerantzean kulturaren bueltan dabiltzanei.
Ekitaldiari amaiera emateko, Musika Eskolako ikasleen atzetik jarraitu dute bertaratutakoek. Bandaren gelan elkartu dira, eta txikienek zenbait pieza abestu dituzte, Musika Bandak zenbait pieza jo bitartean. Tartean, Aukera berriak.
Ekitaldia baino ordubete lehenago, eraikina osorik bisitatzeko aukera izan dute bertaratutakoek, Zetabi arkitektura bulegoko Aitor Zubiaren azalpenekin batera. Komentuko sarrera nagusiaren parean elkartu dira, eta kanpoan aipatu ditu Zubiak eraikinaren aldaketaren nondik norako nagusiak. Auditorioan hasi, eta hirugarren solairuan amaitu dute bisita, ekitaldiari han hasiera emateko gero.