Komentua bisitatzeko aukera izango da asteburuan

Juan Luis Romatet 2025ko ira. 23a, 09:21

Komentua ilunabarrean. (Miriam Romatet)

Komentua kulturgune bihurtzeko lanak amaituta, eraikina ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte larunbatean eta igandean, eguerdi partean. Bisitetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. 

Bihar arratsaldean inauguratuko dute Komentu eraberritua. Herriko kulturgune bihurtzeko lanak egin dituzte azken urteotan, eta dagoeneko jarduera batzuk bertan gauzatzen dituzte, Musika eta Dantza Eskolako klaseak esaterako. 

Eraberritutako eraikina ezagutzeko aukera izango da datorren asteburuan. Udalak bisita gidatuak antolatu ditu larunbaterako eta iganderako, Komentuan herritarrei erakusteko. Eguerdi partean egingo dituzte bisitak, 11:30etik 13:00etara bitartean. Sarrera San Jose kaletik egingo da.

Bisitetan parte hartu nahiko dutenek aurrez izena eman beharko dute Alondegia kultur etxean, 09:30etik 14:00etara bitartean. Telefonoz ere izena emateko aukera izango da, 943-86 10 56, baita posta elektroniko bidez ere, kulturetxea@zumaia.eus helbidera idatzita. Bisitak doan izango dira eta talde mugatuetan egingo dituzte. Izena emateko azken eguna irailaren 25a izango da, osteguna, eta 14:00ak arte egongo da apuntatzeko aukera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide