Argi dago herritarrek maite dutela Olagarro eguna, edo, hobe esanda, olagarroa era desberdinetan prestatuta. Olagarro eguna ari dira ospatzen gaur Zumaian, eta herritarrak, baita beste herrietako bisitariak ere, lehen orduetatik atera dira kalera, egun horretarako prestatutako ekintzetan parte hartzera. Azoka izan da Eusebio Gurrutxaga plazan, eta Astindukoek dantza saioa eskaini dituzte puntu desberdinetan, baita herritarrak dantza egitera gonbidatu ere.
Gastronomia ardatz duen jaia da honakoa, eta aurreko urteetan bezala, Zumaiako talde eta elkarteek kudeatutako txosnak jarri dituzte herriko puntu desberdinetan. Horietako bitan, goizez, olagarro brotxetak eman dituzte; besteetan, aldiz, aurten berrikuntza izan zen olagarro patatak. Izan ere, olagarro zopa egiteko osagaia den olagarro lehorrik ez du eskuratu ahal izan udalak, eta haren ordez olagarroarekin prestatutako gisatua eman dute. Aldaketa ez dute gaizki hartu txosnetara bertaratu direnek, olagarro patatak ordu gutxiren bueltan ahitu direlako txosna guztietan.
Olagarro eguneko egitarauak arratsaldean jarraituko du.
- 17:00-19:00. Kofradiako atea zabalik, arrainen salmenta aretoa ikusteko.
- Arratsaldean zehar, olagarro brotxetak, txosnetan.
- 18:30. Gautxori txaranga, herriko kaleetan.
- 19:30. Batel estropadaren sari banaketa, Kofradian.
- 22:30. Erromeria Imuntzo eta Beloki trikitilariekin, Kofradian.