Ikasturte berria hastearekin batera, bizitzaz bete da Mojaxarren Komentua. Urte luzez itxita egon da eraikina, eta azken hilabeteotako egokitzapen lanen ondoren, herritarrentzat zabalik da jada. Bertan hasi dute ikasturtea Musika Eskolak eta beste zenbait kultur eragilek.
Nolanahi ere, Komentua ez da izango jarduera kulturalak egiteko lekua soilik. Komunitate eragile gisa pentsatu eta sortua dela esan du udalak, eta sormenaren, topaketaren eta elkar-ekintzaren bilgune izateko anbizioz jaio dela. Helburu horiei erantzuteko, erabilera eta antolaketa irizpideak zehazten ari dira udala eta herriko eragileak, Elhuyar fundazioarekin elkarlanean.
Inaugurazioa, asteazkenean
Hilaren 24an, asteazkena, izango da eraikinaren irekiera ofiziala, eta bertan izango dira ordezkari politikoak, teknikoak nahiz askotariko kultur eragileak. Espazioa ezagutzeko bisita gidatuak ere izango dira datorren astean zehar: hilaren 27an eta 28an, larunbatean eta igandean, 11:30etik 13:00etara, hain zuzen.