Omenaldi beroa jaso du Munduko txapeldunak

Juan Luis Romatet 2025ko ira. 17a, 20:05

El Salvadorren pasa den asteburuan Munduko surf txapelketa irabazi zuen Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak omenaldia jaso du gaur arratsaldean bere jaioterrian. Surflarien taula azpitik heldu da Kofradiara, eta han jaso du herritarren txalo zaparrada. Ekitaldiko bideoa eta txapeldunari egindako elkarrizketa bihar goizean izango da ikusgai Gukan. 

19:00ak jo berri zituenean heldu da Janire Gonzalez-Etxabarri Munduko surf txapelduna Erribera kalera. Ordurako zain zituen Ziske (Zumaiako Itzurun Surf Elkartea) kideak, eskutan beraien erremintak zituztela, surfeko taulak, hain zuzen. Bidearen bi alboetan jarri, taulak igo, eta haien azpitik pasa da txapeldun gaztea, Kofradiara heltzeko. Plazatxoan, beheran, lore sorta eman diote, baita bere ohoretan aurreskua dantzatu ere. Ekitaldian izan dira, baita, bere ahizpa Annette Gonzalez-Etxabarri, eta pasa den astean Munduko txapeldun izendatu zen. Aitor Frantzesena Gallo zarauztarra.

Kofradiako balkoian zain zituen Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza eta kiroletako zinegotzi Aitor Manterola. Barandara heltzean, txalo zaparrada areagotu egin da, eta zer esan, Ziskeko kideek txapela jantzi diotenean. Ostolazak, bere aldetik, oroigarri bat eman dio udalaren izenean. "Banekien zerbait antolatu behar zenutela, sare sozialetan iragarri duzuelako, baina ez nuen espero halakoa izango zenik", esan du txapeldunak. Bere poza erakutsi du zumaiarrak ekitaldira hurreratu direlako. "Zumaian hasi dut nire ibilbidea eta espero hemen bukatuko dudala". 

Ekitaldia amaituta, behin plazatxora itzulita, familiartekoen, lagunen eta beste surflarien besarkadak jaso ditu, baita Ziskeko lagunekin argazkia atera ere. 

Ekitaldiaren bideoa eta Janire Gonzalez-Etxabarriri egindako elkarrizketa ikusgari izango dira bihar goizean Gukako webgunetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide