Desokupazio enpresa baten mehatxuaren aurrean, antolatzen

Maria Maya Manterola 2025ko ira. 17a, 09:46

Etxebizitzak Zumaian. (Juan Luis Romatet)

Desokupazio enpresa bateko kideak Zumaian izan dira abuztuan, eta itzulera mehatxuaren aurrean hasi dira antolatzen. Udalak dio alde guztiekin harremanetan dagoela.

Desokupazio enpresen aurka antolatzen hasi dira Zumaian, abuztu erdialdean Mediaokupas enpresako kideen bi bisita jaso ostean. Itzultzekoak direla iragarri dute sare sozialetan, eta mehatxu horrek sortutako kezkaren aurrean deitu zuen bilera irekia Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, joan den irailaren 5ean. Datozen egunetan ere desokupazio enpresen eta etxegabetzeen aurkako mezuak zabaltzen jarraituko dutela adierazi dute, baita "horien konplize diren politikari, enpresari, errentista eta faxisten aurka ere".

"Pertsona ugari eta kolektibo anitzetako jendea" elkartu ziren bileran, antolatzaileen esanetan. Orain arteko gertakarien errepasoa egin eta aurrera begira egin beharrekoak zehaztu zituzten han, "desokupazio enpresako kideen itzulera mehatxuaren aurrean prest egoteko". 

Desokupazio enpresaren paperaz eta halakoek dituzten funtzioez aritu ziren bileran. Beren ustez, langile sektore pobreenen kriminalizazioa sustatzen dute, eta gainera, arazoaren fokua ordaindu ezin duen horrengan jartzen dute, eta ez pobrezia eredu orokortua sortzen duen gizarte ereduan. Langile klasearen eta horren batasunaren aurka aritzen direla uste dute, bide batez, "arrazismoa eta espainolismoa hedatuz". 

Egoera zaurgarrian daudenen babesgabetasunaz baliatzen dira, etxebizitza sindikatuaren arabera. Dena den, desokupazio enpresen interbentzioa ez da mugatzen kasu konkretuetara, beren hitzetan: "Helburu nagusi gisa dute proletalgoaren eta, bereziki, horren baitako pertsona migranteen kriminalizazioa. Modu horretara, testuinguru sozial oso bat eratzen ari dira kolektibo horiek etxetik kaleratzea edo horien aurka biolentzia erabiltzea justifikatzeko". 

Desokupazio enpresen jardunaz harago, azpimarratu nahi izan dute etxebizitza ezin dela izan negoziorako bitartekoa, eta eskubidea izan behar duela doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den etxebizitzak. Horretarako, beste gizarte eredu bat eraikitzea beharrezkoa dela uste dute Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek, "baliabideak behar sozialen arabera planifikatuko dituena, eta ez merkantzia moduan".

Udala, kasua jarraitzen

Gizarte Zerbitzuen bidez jarraipena egiten ari zaio kasuari Zumaiako Udala. Azaldu dute etxegabetze arriskuan dagoen familiari udalaren esku dauden bitartekoak eskainiz ari zaizkiela laguntza ematen, eta "diskrezioz" ari direla lanean, "inplikatuta dauden pertsonen eskubideak babesteko".

Erakundea alde guztiekin ari da harremanetan, dena den, jakinarazi duenez: etxearen jabearekin eta bertan bizi den familiarekin, alegia. Hala, "egoerak eskatzen duen zuhurtziarekin", arlo soziala eta juridikoa jorratzen ari dela esan du udalak, eta bide batez, etxebizitza eskubidea bermatzeko instituzioek tresna gehiago behar dituztela gaineratu du. 

Bide horretan, etxebizitza politika sendoa edukitzearen beharra eta alokairu parke publiko handi bat osatzea jo ditu beharrezkotzat udalak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide