Janire Gonzalez-Etxabarri, munduko txapeldun

Juan Luis Romatet 2025ko ira. 14a, 20:00

Janire Gonzalez-Etxabarri, gaur El Salvadorren. (Bat Basque Team)

Surflari zumaiarrak El Salvadorren jokatu duten Munduko surf txapelketa irabazi du, final ezin berdinduago batean. Bosgarren txandan kalean geratu zen, baina bigarren aukeran edo errepeskan aurrera eginez finalerako txartela lortu zuen. 

Itzela Janire Gonzalez-Etxabarri surflariak El Salvadorren lortu duena. Munduko surf txapelketa jokatu dute pasa den asteburutik hona Amerika Erdialdeko herrialdean, eta, final ezin berdinduago batean, Munduko txapeldun izendatu da Gonzalez-Etxabarri. 

Ez du erraza izan finalera heltzea. Izan ere, bosgarren txandan hirugarren zumaiarrak egin zuen eta ezin izan zuen seigarrenera pasatu. Txapelketan aurrera egiteko bigarren aukera eskaintzen duen fasean lehiatu zen jarraian, eta fase horretan txanda bat bestearen atzetik igarota, finalerako txartela eskuratu zuen. 

Gaur jokatu dute finala, eta Yolanda Sequeira portugaldarra, Sally Fitzgibbons australiarra eta Arena Rodriguez peruarra izan ditu aurkari. Final gogorra izan da, lehiatua. 7,50 puntu eman dizkion lehen olatu bat hartu du Gonzalez-Etxabarrik, eta 7,07 puntuko bigarrena. Guztira, 14,57 puntu egin ditu zumaiarrak. Bigarren eta hirugarren egin duten Yolanda Sequeirok eta Sally Fitzgibbonsek puntuazio bera lortu dute finalean, 13,57 puntu. Atzean geratu da Arena Rodriguez, 8,53 punturekin. 

Pozaren pozez ospatu du zumaiarrak garaipena hondartzan bertan. Ahizpa Annette Gonzalez-Etxabarrirekin besarkatu da itsasertzean. 

Eskualdeko beste bi surflari ere izan dira El Salvadorreko txapelketan parte hartzen: Annette Gonzalez-Etxabarri zumaiarra eta Nadia Erostarbe zarauztarra. Biak ala biak kanpoan geratu ziren laugarren txandan, eta errepeskako zazpigarren txandan kanporatu egin zituzten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide