Balenciaga ontziolaren salerosketa ontzat eman du Donostiako Lan Arloko Epaitegiak

Julene Frantzesena 2025ko ira. 12a, 19:21

Balenciaga ontziola. (Utzitakoa)

Epaitegi horrek ontzat jo du Abu Dhabi Port Groupek eta Premiere Marinek osatutako Safeen Drydock taldeak Zumaiako ontziola erostea. Langileek Gukari jakinarazi diotenez, datorren astean hasiko da talde hori beharginekin biltzen eta hitz egiten; dena den, ikusteko dago salerosketa noiz gauzatuko den. 11,2 milioi eurotan eskuratu nahi du taldeak Balenciaga, eta horrekin bukatuko da 2024tik martxan den hartzekodunen lehiaketa.

Balenciaga ontziolako lan gatazkan argi izpiak agertu dira gaur: Donostiako Lan Arloko Epaitegiak ontzat eman du Abu Dhabi Port Groupek eta Premiere Marinek osatutako Safeen Drydock taldeak Zumaiako ontziola erostea. Ikusteko dago, ordea, salerosketa gauzatuko al den, eta gauzatzen bada, noiz egiten duten.

Ontziola 11,2 milioi eurotan eskuratu nahi du talde horrek, eta ondorioz, horrekin bukatuko da 2024az geroztik Balenciagan martxan zen hartzekodunen lehiaketa, baita langileei aplikatutako Lana Erregulatzeko Txostena (LET) ere. Epailearen autoa da hedabideetara zabaldu dena, eta han irakur daitekeenez, Safeen Drydocken eskaintza da egokiena, hartzekodunen zorra kitatuko duelako, enpresaren jarduerarekin segituko duelako eta 71 lanpostuei eutsiko dielako.

Salerosketaren negoziazioak urtearen hasieratik izan dira martxan, eta gaur egin du hartzekodunen lehiaketaren administratzaileak langileen ordezkariekin batzarra. Han azaldu die zein den egoera, eta beharginek Gukari azaldu diotenez, datorren astean hasiko da talde berria langileekin biltzen eta hitz egiten.

Eusko Jaurlaritzak modu positiboan baloratu du albistea, nahiz eta zuhurtziaz jokatzeko eskatu duen. Mikel Jauregi sailburuak esan du, salmenta gauzatzen bada Euskadirentzat, industriarentzat, ontzigintzaren sektorearentzat, Zumaiarentzat, eta batez ere langileentzat, "albiste oso ona" litzatekeela. Halaber, Jauregik esan du Safeen Drydock taldeak egin duen eskaintza ona dela, lanpostuak mantentzearen, etorkizuneko jardueraren nahiz ekonomiaren ikuspuntutik.

Guka jarri da harremanetan ontziolan ordezkaritza duten sindikatuetako kideekin, baina haiek ere ez dute adierazpenik egin nahi izan oraingoz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide