Epaimahaiarentzat Javier Ortiz tolosarraren argazkia da "dotoreena"

Intza Trula 2025ko ira. 12a, 16:00

Zumaiako 37. Argazki Lehiaketako sari banaketa ekitaldia egin zuten atzo Oxford aretoan. Ortizek Natura magikoa 1 irudiarekin eskuratu zuen lehen postua; Zumaiako argazki hoberena, berriz, Maria Roarena izan zen, Katua leihoan izenburuduna.

Oxford aretoa zuri-beltzez jantzi zen atzo arratsaldean, Joxe Juan Azkueren omenezko 37. Argazki Lehiaketaren aitzakian. Parte hartzaileen zenbait lanekin osatutako erakusketa zabaldu zuten bertan, eta sari banaketa ekitaldia egiteko ere baliatu zuten inaugurazioa. Zumaiako Udalak Distira argazki elkartearekin elkarlanean antolatu du sariketa, eta epaimahaiak horrela erabakita, Javier Ortiz tolosarra izan da aurtengo edizioko irabazlea.

Hamalau herrialde ezberdinetako 105 argazkilarik parte hartu dute 37. edizio honetan, eta horietatik hamabost emakumeak izan dira; esaterako, Alemania, Argentina, Andorra, Belgika, Eslovenia, Finlandia, Frantzia eta Indonesiako argazkilarien lanak jaso dituzte, baita Euskal Herrikoenak ere.

Guztira, 414 argazki izan dira epaimahaiak aztertu behar izan dituenak, eta horietatik 36 hautatu ditu Oxford aretoko erakusketa osatzeko. Parte hartzeko zenbait arau jarraitu behar zituzten argazkilariek; adibidez, aurkeztutako lanek zuri-beltzak izan behar zuten. Hain zuzen ere, Jose Cabezudo, Luis de la Hija eta Gorka Salmeron izan dira aurtengo epaimahaikideak. Erakusketari dagokionez, zabalik egongo da irailaren 28ra arte, egunero, 18:30etik 20:30era.

'Natura magikoa 1'

Tolosara joan da aurtengo lehen saria, Natura magikoa 1 izenburudun lana izan baita txapelduna, Javier Ortiz argazkilariarena. Berak kontatu zuenez, une gazi batetik sortutakoa da irudia: istripu batek ibili ezinik utzi zuen Ortiz, eta horren ondorioz nahi baino denbora gehiago eman behar izan zuen etxean.

Tolosarrak aitortu zuenez, oso atsegin du natura, baina istripuaren ondoren albo batera utzi behar izan zituen astean bitan egiten zituen mendi ibilaldiak. Paseo horietan perretxikoak, animaliak, landareak eta abar jasotzen zituen bere kamerarekin.

Hala, etxetik oso urrun joan ezin izan zuen garai hartan, gertu zuenarekin esperimentatzeari egin zion argazkilariak. Tolosako larunbatetako azoka bisitatzea erabaki zuen, eta arreta berezia piztu zion askotariko landareak saltzen ari zen emakumearen postuak. Judas lorea –Medaila edota Pezeta izenez ere ezagutzen dena– erosi zuen han, eta horixe da lehiaketara aurkeztutako irudian ageri dena.

Egileak aditzera eman duenez, makro objektibo batekin dago egina argazkia, eta hogei argazki ingururen batura da azken emaitza: "20-25 argazki atera nizkion Judas loreari, eta helburua zen guztiak batzean eta bata bestearen gainean jartzean landarea enfokatuta ikustea, eta atzealdea, aldiz, guztiz zuria izatea". Gainera, arretaz begiratuz gero "aurpegi txinatarrak" ere ikus daitezkeela dio tolosarrak.

Epaimahaikideen iritziz, Ortizen argazkiak "zerbait ezberdina" transmititzen du, "beste lan guztiengandik bereizten duena". Bere "soiltasunak" ikusleen arreta pizten duela eta "oso dotorea" dela azpimarratu zuen hirukoteak. Irabazleari zuzenduta, ondorengoa gehitu zuen De la Hija epaimahaikideak: "Argazki batzuk hain dira apartak; begiratze hutsarekin badakizu hori izango dela irabazlea"

Sari gehiago

Bigarren saria Javier Pedro Fernandezek eskuratu zuen, Sardinas izeneko argazkiarekin, eta hirugarren sailkatua Rafael Martin madrildarra izan zen, Las rapas argazkiarekin. Zumaiar onenaren saria ere banatu zuten atzoko ekitaldian, eta Maria Roarentzat izan zen hori, Katua leihoan irudiari esker.

Hiru argazki hoberenen eta zumaiar onenaren sariaz gain, Argizaiola txapelketaren finalerako txartelak ere banatu zituzten atzokoan. Lehiaketara aurkeztu diren Euskal Herriko lehen hiru sailkatuek eskuratu zituzten horiek: Javier Ortizek, Javier Pedrok eta Ruben Caceresek, alegia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide