Zesta puntako ligari amaiera emango dion azken fasea jokatuko dute datozen hiru astelehenetan Donostiako Karmelo Balda pilotalekuak. Frontoi historiko horrek lehendabizikoz hartuko du Jai Alai Liga erabakiko duen fasea, eta aurten bakarrik ez, datozen bi urtetan ere fase erabakigarri horren egoitz bihurtuko da Balda zaharra.
Finalerdien bi jardunaldiz eta finalaz osatuko da azken fasea. Irailaren 15ean eta 22an jokatuko dituzte finalaren atarikoak, eta hilaren 29an final handiak. Partidak 19:00etan jokatuko dituzte, baina egunean bertan emango ditu ETB1ek eta www.eitb.eus webguneak, aurrez grabatuta, 22:20an hasita.
Emakumeen zein gizonen ligetako finalerdiak eta finalak jokatuko dituzte. Gizonen ligak 11 hilabete iraun ditu eta 30 txapelketa jokatu dituzte guztira; emakumeen kasuan, aldiz, aurten lehendabizikoz jokatu dute liga, eta bederatzi master jokatu dituzte. Guztira, 20 emakume puntista aritu dira lehian.
Behin txapelketa horiek guztiak jokatuta, sailkapenean lehen lau postuetan sailkatu diren aurrelariek eta atzelariek (gizonetan zein emakumetan) jokatuko dute ligako azken fasea, eta horien artean dira bi zumaiar: gizonetan, atzelarien artean sailkapenean laugarren izan den Imanol Lopez, eta emakumeetan atzelari onena izan den Frida Watkins. Gizonetan, Imanol Lopezek Xabi Barandikarekin osatuko du bikotea, eta emakumeetan, Frida Watkinsek Ihart Arakistainekin. Lopez finalerdietako bigarren jardunaldian arituko da, eta Watkins lehenengoan.
Finalerdiak
Datorren astelehenean, irailaren 15ean, jokatuko dituzte lehen finalerdiak. Honakoak izango dira partidak:
- Arakistain-Frida vs Sorozabal-Arai
- Johan-Lekerika vs Urreisti-Basque
Irailaren 22an jokatuko dituzte bigarren finalerdiak, honako partidekin
- Elaia-Maia vs Maite-Maialen
- Erkiaga-Gorka vs Barandika-Lopez