UNESCOren Munduko Geoparkeen Nazioarteko XI. Batzarra Txileko Araucanía eskualdean dagoen Temuco hirian. Aurtengo batzarreko gai edo ardatza Antzinako ezagutzatik Etorkizuneko Geoparkeetarantz. Teknologiak eta Berrikuntza Digitala garapen iraunkorrerako da, eta datorren larunbatera arte iraungo du. Jardunaldiek mundu osoko 50 herrialdetako mila aditu inguru bilduko ditu, "geoparkeen etorkizunaz eta ikerketa geologikoaren, garapen iraunkorraren eta turismoaren berrikuntzaz eztabaidatzeko".
Euskal Kostaldeko Geoparkeko bi ordezkari arituko dira parte biltzarrean, Leire Barriuso gerentea eta Asier Hilario zuzendari zientifikoa. Barriusok bi ponentzia aurkeztuko ditu jendaurrean; batetik, Munduko Geoparkeen Espainiako Sarea: 18 lurraldeko aliantza izenekoa; eta, bestetik, SDG18: Garapen Iraunkorrerako 18. Helburua: “Ahots batuak”, kultura eta hizkuntza aniztasuna babesteko aliantza globala izenekoa. Barriusoren esanetan, “oso garrantzitsua da honelako foro batean parte hartzea, bai Geoparkea eta bere jarduna munduari aurkezteko erakusleiho aparta delako, baita gainerako lurraldeen berri lehen eskutik izaten dugulako ere”.
Biltzarraren aurretik, pasa den astean, Unescoren Munduko Geoparkeen Kontseiluaren hamargarren bilkura egin zuten, eta parte hartu zuten hamabi adituen artean izan zen Asier Hilario, IUGS-en (International Union of Geological Sciences) ordezkari gisa. Urtean zehar hautagai berrien azterketa geologikoa koordinatzen aritu da azken hau, eta horren berri eman zuen bilkuran zehar.