Maite Urteaga txirrindulari zumaiarrak debuta egingo du bihar Laboral Kutxa-Euskadi taldearekin. Uztailaren amaieran jakin zuzen stagiaire gisa arituko zela Euskadi Fundazioko taldearekin denboraldiko azken zatian, eta bihartik aurrera Frantziako hegoaldean korrituko duten Ardècheko Tourrean izango da Urteaga.
Sei txirrindulariz osatutako taldea eramango du Laboral Kutxa-Euskadi aipatu itzulira: Naia Amondarain, Alice Arzuffi, Yuliia Biriukova, Ane Santesteban, Debora Silvestri eta Maite Urteaga, Ion Lazkanoren zuzendaritzapean. Santesteban izango da taldeko liderra, sailkapen nagusia borrokatzeko asmoarekin.
Itzuli maldatsua izango da aurtengo Ardècheko Itzulia, baina laugarren egunean 20 kilometroko erlojupekoa izango dute. Bosgarren etapa, aldiz, lehen mailako Mont Lozèren amaituko da. Hor izango du Urteagak maila handiko txirrindulariekin aritzeko aukera.