Maratoi modalitateko Munduko piraguismo txapelketa jokatu du Irati Osa piraguista zumaiarrak pasa berri den asteburuan. Hungarian izan da aurtengo txapelketa, Gÿor hirian, Osak ondo ezagutzen duen eremu batean, 2015ean ere han izan zelako. Orduan, jubenil mailan lehiatu zen; aurten, berriz, senior kategorian, Espainiako selekzioarekin, eta Eva Barriosekin K2a osatuta. Lehendabizikoz aritu da Osa Barriosekin ontzi berean.
Atzo goizean izan zuten hitzordua, eta egin beharreko lana 25,5 kilometrokoa izan zen. Irteera ona egin zuten, baina piraguak izandako matxura baten ondorioz, buruko postuetatik urrundu ziren. "Estropada gogorra iizan zen. Ondo kokatuta atera ginen, baina piraguatik ura ateratzeko erabiltzen den punpak huts egin zuen, eta hor ura sartu zitzaigun. Eramatea ere piraguan ura genuela egin behar izan genuen, eta hor atzean geratu ginen", du gogoan Osak Hungariatik, Zumaiara itzultzeko hegaldia hartu aurretik. "Bost ontzik aurrea hartu zuten, gu seigarren ginen atzetik eta postu horretan heldu ginen amaieran", dio Osak.
"Pena" sentitzen duela onartu du zumaiarrak, "aurrean joateko maila geneukalako. Aurten lehenengo aldiz muntatu dugu K2a Eva Barriosek eta nik, eta erakutsi dugu gaitasuna dugula elkarrekin gauza handiak egiteko". Zentzu horretan, itxaropentsu dagoela ere azpimarratu du Osak. "Datozen urteetan horretan saiatuko gara".
Denboraldia amaituta
Nazioarte mailako denboraldiari amaiera eman dio Osak Munduko txapelketarekin. Egindako lanarekin gustura dagoela esan du Itxas Gain klubeko kirolariak. Izan ere, hirugarren izan da Europako txapelketan eta seigarren Mundukoan. Emaitza horiei Sellako nazioarte mailako jaitsieran lortutako hirugarren postua gehitu behar zaie, baita Espainiako txapelketetan lortutako dominak ere. "Orain atseden hartzeko unea da, batez ere buru aldetik", nabarmendu du.