Dena prest du Zumaiako Triatloi Taldeak bihar arratsaldez herrian jokatuko duten Zumaiako Triatloiaren aldi berrirako. Esprint modalitateko proba da Zumaiakoa, eta lehia nagusiari kadete mailako supersprint modalitateko proba ere gehituko zaio aurtengoan. Lekuak beteta daude dagoeneko, eta bi probetako parte hartzaileak batuta, bihar herrira 400 triatleta inguru bertaratuko direla adierazi dute antolatzaileek.
"Izen ematea 350 lagunentzako lekuarekin zabaldu genuen. Leku horiek bete zirenean, itxaron zerrendan beste 25 bat lagun zeudela ikusi genuen. Azkenean, horiek ere sartzea erabaki genuen. Horiei kadeteak eta proba egokituko parte hartzaileak gehituta, guztira 400 bat triatleta izango dira bihar Zumaian", azaldu du Zumaiako Triatloi Taldeko kide Deñe Izagak. Ohikoa den bezala, boxak Gernika parkean jarriko dituzte; han egingo dituzte modalitate batetik besterako aldaketak, eta bertan kokatuko dute helmuga puntua.
Proba nagusian, berrehundik gora parte hartzaile federatuak izango dira, eta gainontzekoak federatu gabeak. Izan ere, duela bi urte triatloi herrikoia antolatzeari utzi zioten antolatzaileek, "eskatzen zuen lanagatik". Izagaren ustetan, proba herrikoiak triatloian hasteko aukera ematen zien kirolariei, "baina, gehiago entrenatuta, proba nagusian aritzeko aukera dute, federatu gabe". Helburua, ordea, kirolari horiek federatzea dela ere gaineratu du, "bestela klubak desagertuko direlako".
Berrikuntza irteeran
Arratsaldez jokatuko dute triatloiaren aurtengo aldia. Proba nagusian, 750 metro egingo dituzte igerian, hogei kilometro bizikletaz, eta azken bost kilometroak korrika. Kadete eta triatleta egokituen kasuan, distantzia erdia egingo dute. 16:00etan aterako dira proba nagusiko gizonezkoak, 16:08an emakumeak, eta 16:15ean kadeteak eta kirolari egokituak.
Ohi bezala, Arbustaingo arranplatik abiatuko dute igeriketa proba. Aurten berrikuntza bat izango da irteera puntuan. Izan ere, federatutako triatletak uretatik aterako dira, eta federatu gabekoak atzetik, lehorretik. "Irteera puntuan inbutu bat sortzen zen. Horregatik, federatutako triatletei uretatik irteten utziko diegu, eta federatu gabeak arranplatik bertatik aterako dira", adierazi du Izagak.
Bizikleta proban, bestalde, iaz egin bezala, Meagako igoerako zati bat egingo dute parte hartzaileek, Aizarnazabaldik. Kadeteak eta kategoria egokitukoak, berriz, Muniosorora helduko dira, eta han buelta emango dute. "Puntu gorri bat izango da hura".
Korrika saioarekin amaituko dute triatletek lana. Ibilbidean aldaketarik ez dela izango adierazi du Izagak: "Paol biderako bi itzuli izango dira".
Jatorri desberdinak
Parte hartuko duten triatletak jatorri desberdinetakoak direla esan du antolaketa taldeko kideak. Hala, Zumaiako kirolariez gain, bailarakoek ere hutsik ez dutela egingo uste du Izagak. "Azpeitikoak etorriko dira, Azkoitikoak... Gasteizko klubak ere talde handia aurkeztuko duela uste dugu. Eta horiez gain, Ipar Euskal Herriko triatletak ere etorriko dira".
Izan ere, urteekin sona lortu du Zumaiako Triatloiak kirol hori atsegin dutenen artean. "Zumaiakoa nahiko proba laua da. Inguruko probak maldatsuagoak izan ohi dira. Nik uste dut kirol honetan aritzen garen askok Zumaian bertan egin genuela gure lehen triatloia", amaitu du Izagak.
Eragina Gernika parke inguruko trafikoan
Zumaiako Triatloiko boxak Gernika parkean jarriko dituzte, eta handik abiatuko da txirrindularitza proba; leku berera itzuliko dira modalitate horretako kilometroak egitean partaideak. Hori dela eta, 16:00etatik 17:45era, parkearen eta Kantauri plazaren arteko errepidea eta Mendaro Marinela kalea trafikoarentzako itxita egongo dira.
Bestalde, Kantauri plazako garajeetara Turismo Bulegoaren ondotik sartu eta irten beharko da.