Maite Urteaga, iraileko Munduko txapelketarako lehen hautaketan

Juan Luis Romatet 2025ko abu. 28a, 09:57

Maite Urteaga. (Eulen)

Irailean jokatuko dute Munduko txirrindularitza txapelketa, Ruandan, Afrikan. Hautatzaileak bederatzi emakumeren lehen hautaketa egin du, eta bertan sartu du Maite Urteaga txirrindulari zumaiarra. 

Beste albiste on bat jaso du Maite Urteaga txirrindulari zumaiarrak. Duela hilabete jakin zuen denboraldiko azken zatia Laboral Kutxa-Euskadi taldean egingo zuela, stagiaire gisa. Irailean jokatuko duten munduko txapelketan aritzeko lehen hautaketan sartu dutela gehitu behar zaio berri hari.

Ruandan, Afrikan, jokatuko dute irailean munduko txirrindularitza txapelketa, eta Espainiako selekzioak hara eramango duen emakumezkoen taldea osatzeko lehen hautaketa bat egin du hautatzaileak. Bederatzi emakume aukeratu ditu lehen hautaketa horretan, eta Ane Santesteban edo Usoa Ostolazarekin batera, Maite Urteaga zumaiarrak osatu du zerrenda. irailaren 8an jakingo du Urteagak mundialera joango den ala ez. Hilaren amaieran jokatuko dituzte txapelketak: irailaren 27an emakumeena eta 28an gizonena.

Bitartean, mutil jubenilekin korritzen ari da. Pasa den igandean hamalaugarren izan zen Obanosen (Nafarroa) jokatu zen lasterketan. Deikaztelu (Nafarroa) eta Ibarran (Gipuzkoa) ere izango ditu lasterketak egunotan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide