Uztailaren amaieran hasitako Dinastia Etxabe pilota txapelketaren 53. aldia gaur amaituko da, Aitzuri frontoian jokatuko dituzten finalekin. Hilabete inguru iraun duen kirol sari honi esker, Zumaiako eta inguruko herrietako pilotazaleek izan dute zaletasuna asetzeko makina bat aukera. Gaurko jaialdia 21:00etan hasiko, eta hiru partidaz osatuko da. Sarrerak frontoiko leihatilan izango dira salgai.
Zesta punta modalitako finalarekin hasiko da kirol gaua, eta herriko bi pilotari arituko dira elkarren aurka. Duela gutxi Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi zuten Cosme Agirre eta Unai Uranga oraingo honetan aurkariak izango dira. Lehenak Atainekin osatu du bikotea, eta Erikekin bigarrenak. Printzipioz, final parekatu eta irekia espero da, bi bikoteak ere oso sendo aritu zirelako asteleheneko finalerdietan.
Eskuz binakako bi partida jokatuko dituzte jarraian. Gazte kategorian, Egurrola-Moto eta Harkaitz Murua-Aitor Etxeberria dira elkarren aurka arituko diren pilotariak. Markinako klubean aritzen den Mikel Egurrolak eta Legutioko Eñaut Motok nahikoa erraz lortu dute finalerako txartela; Harkaitz Murua altzotarraren eta Aitor Etxeberriaren finalerako ibilbidea, aldiz, zailagoa izan da, batez ere finalerdietan Ramirez eta Segurolak 22-18 estutu baitzituzten.
Amaitzeko, 23 urtez azpikoen finala jokatuko dute. Partida oso berezia izango da, batez ere Unai Amiano irundarrarentzat, Zumaiako txapel preziatuarekin itxi nahi baitu bere afizionatuetako ibilbidea, irailaren erdian Baikorekin profesionaletan debutatu aurretik. Kolpe oso biziko aurrelaria da azken urteetan Tolosako klubean hazitakoa eta atzean ere ez zaio lehen mailako laguntzarik faltako, Unax Landa oiartzuar atzelari dotorea izango baitu. Baina Apezetxea-Santesteban nafarrek ez dute inori ezer oparitzeko intentziorik. Beste inork baino lan gehiago egin behar izan dute finalean egoteko, final laurdenen aurretik atariko bat jokatu behar izan zuten Etxabe Dinastia honetan sartzeko.