Donostiako Karmelo Balda pilotaleku historikoak hartuko du irailaren erditik aurrera Jai Alai Ligako final four edo azken laukoa. Denboraldian zehar pilatutako puntuek erabaki dute zein izan diren sailkapenean aurrelari eta atzelari onenak, eta haiek jokatu dute ligari amaiera emango dion txapelketa.
Baldan kantxaratuko diren puntisten artean bi zumaiar izango dira: Frida Watkins emakumetan eta Imanol Lopez gizonetan. Gaur gaurkoz, atzelarien artean lehen postuan da Watkins gaztea, 3.920 punturekin. Denbora epe laburrean Zumaiako masterra eta Bilbao Iron Cup txapelketa irabazi zituen, eta horiekin puntu kopuru polita lortu zituen Fridak.
Lopezek, bere aldetik, erreakzio handia izan du Ipar Euskal Herriko udako denboraldian, nahiz eta hasiera ez zuen onena izan. Baina pixkanaka emaitza onak pilatzen joan da, txapelketak irabazten (gaur bertan jokatuko du Donibane Lohizuneko finala), eta matematikoki lau atzelari onenen artean sailkatu da, 10.240 punturekin.
Hiru jardunaldiz osatuko da Donostiako azken laukoa. Irailaren 15ean A finalerdiak jokatuko dituzte, eta astebete geroago B finalerdiak. Txapelketa eta ligako azken finalak irailaren 29an jokatuko dituzte.