Zumaiarren arteko lehia izango da Dinastiako finalean, zestako modalitatean

Juan Luis Romatet 2025ko abu. 26a, 09:24

Atzo jokatutako bigarren finalerdiko atarikoa. (Kirolzale)

Zesta punta modalitateko finalerdiak jokatu zituzten atzo gauez Dinastia Etxabe txapelketaren barruan. Bi herritar kantxaratu ziren, eta biek ere ostegun gauean jokatuko duten finalerako txartelak eskuratu zituzten. 

Urte batzutatik hona zesta puntak ere bere txokoa aurkitu du Dinastia Etxabe pilota txapelketako programazioaren barruan. Bere garaian, txapelketa Odietan jokatzen zenean, palako partidak ere jokatzen zituzten txapelketa beterano horren barruan. Aitzurira lekualdatu ondoren, Zumaian arrakasta duen modalitate horri ere lekua egitea erabaki zuten antolatzaileek. 

Aurreko astean eskuzko finalistak zein izango ziren erabaki ondoren, atzo zesta puntako finalerako txartelak banatu zituzten Aitzuri pilotalekuan jokatutako finalerdietan. Herriko zaletuak pilotalekura erakartzeko elementua bazuen, gainera, atzoko hitzorduak. Izan ere, Zumaiako bi puntista kantxaratuko ziren. Cosme Agirre aurrelaria eta Unai Uranga atzelaria, hain zuzen. Duela hilabete batzuk Gipuzkoako Herriarteko txapelketa irabazi zuten Zumaiarentzako, senior kategorian bikotea osatuta. Oraingoan, baina, bakoitza bere aldetik aritu ziren: Agirrek Atainekin osatu zuen bikotea, eta Urangak Erikekin. 

Jaialdiko lehen partidan Erik-Uranga eta Zelaia-Oyhenard bikoteak neurtu ziren. Partidak amaieran izan zuen emaitzak iradoki dezakeena baino berdintasun handiagoa izan zen Aitzuriko kantxan. Zelaia eta Oihenard gazteak gogotsu atera ziren, baina azkenean Eriken eta Urangaren beteraniak eta segurtasunak eman zien garaipena bi jokotan: 12-6, 12-6.

Bigarren finalerdian Agirre eta Atain Basterra eta Argoitiaren aurka aritu ziren. Lehen jokoa parekatua izan zen, lehia gogorrekoa, bi bikoteek boladaka jokatu zuten eta etengabeko berdinketak izan dira markagailuan. Bigarren jokoko lehen zatia oso orekatua izan ondoren, azken txanpan, Markinako atzelariaren indarrak eta Cosme zumaiarraren eskarmentuak puntu erabakigarria eman die eta ondorioz finalerako txartela (12-10, 12-8).

Aurtengo txapelketako finalak etzi, ostegunez, jokatuko dituzte, 21:00etan hasita, Aitzuri frontoian, honako hiru partidekin:

  • Zesta puntan: Agirre-Atain vs Erik-Uranga.
  • Eskuz, gazte kategorian: Egurrola-Moto vs Murua-A. Etxeberria.
  • Eskuz, 23 urtez azpikoetan: Amiano II.a-Landa vs Apezetxea-Santesteban.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide