Artisauen azokarekin hasi dute San Bartolome jaietako bigarren eguna

Intza Trula 2025ko abu. 23a, 14:15

Panpinak, sendabelarrak, askotariko garagardoa, bitxiak eta beste hainbat produktu eskuratzeko aukera izan dute goizean zehar azokara gerturatu direnek.

Eguraldi bikainarekin esnatu dira gaur Oikian, eta gogotsu ekin diote San Bartolome jaietako bigarren egunari. Artisauen azoka egin dute goizean zehar, eta ajea alde batera utzita, dozenaka lagunek bisitatu dituzte postuak. Hamar postu inguruk osatu dute azoka, eta bertan sendabelarrak, panpinak, bitxiak, garagardoa eta esnekiak saldu dituzte.

Egitarauarekin jarraituz, bertso poteoaz gozatu dute eguerdian Jon Maiarekin eta Jexux Mari Irazurekin. Arratsaldeko ekitaldi nagusia, sagardo dastaketa, 18:30ean hasiko da, eta jarraian Skapaie elektrotxarangak alaituko ditu txokoak. Iluntzean, Obaneuke taldearekin erromeria izango da, eta gaua luzatu nahi dutenek DJ Indateren saioa izango dute.

Gaur, larunbata

  • 18:30. Sagardo dastaketa.
  • Arratsaldean, Skapaie elektrotxaranga giroa alaitzeko.
  • 23:00. Obaneuke taldearekin erromeria. 
  • Ondoren, DJ Indate.

Bihar, igandea: San Bartolome Eguna

  • 11:00. Meza.
  • 12:30. Herriko edadetuei omenaldia frontoian.
  • Jarraian, pilota partida: I. Egiguren-A. Apezetxea / Orbegozo-Albeniz.
  • 14:00. Herriko jubilatuen bazkaria Muniosoron.
  • 17:30. Herri kirol jaialdia. Aizkolariak, Jexux Mujika-Ugaitz Mugerza eta Eloy Kortxero-Hodei Ezpeleta. Ondoren, idi probak: Etxabe eta Areta.
  • 23:00. Erromeria Ostolaza eta Larrañaga trikitilarien eskutik.

Etzi, astelehena: Umeen eguna

  • 10:00-14:00. Atracciones Sanzen eskutik, puzgarriak.
  • 14:00. Umeen bazkaria. 
  • 15:30. XVII. Karrikotxe jaitsiera.
  • 17:00-18:30. Ekintza ezberdinez osatutako guneak: ur-jolasak, herri-kirolak, eskulanak, abileziak, photocalla.
  • Ondoren, txokolatada.
  • 21:00. IV. Zokormazo afaria.
  • 22:00. Gauargi taldearekin dantzaldia.

Abuztuak 28, osteguna: San Agustin eguna

  • Egunean zehar, giroa alaitzeko, Enaitz Alberdi eta Erkizi trikitilariak eta Inpernupeko joaldunak.
  • 11:00. Meza.
  • 12:00. Herritarren arteko herri kirolak.
  • 14:30. Paella jana.
  • Bazkalondoren, bingoa.
  • 18:30. Murgildu euskal mitologia eta inauterien mundu magikoan.
  • 22:30. Izer eta Alabier trikitilariak.
  • 23:30. Akelarrea. 
  • Gauerdian, txin-txin herrikoia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide