Duela hilabete inguru jaso zenuen zure txirrindularitza ibilbidea aldatuko zuen deia. Hain justu ere, Euskaltel-Euskadirekin lehiatzera joateko aukera suertatu zitzaizun une horretan, maila profesionalerako saltoa emanaz. Zure ibilbideko zein unetan iritsi zen proposamen hori?
Pasa den denboraldia polita izan zen niretzat, txukun burutu nituen lanak, eta profesionaletarako jauzia une horretan ematea espero nuen. Azkenean ez zen horrela izan, eta proposamena urtebete beranduago heldu zait. Ez dut sekulako denboraldia egin, baina lasterketak txukun burutzen ari naizela esango nuke. Sorpresaz jaso nuen Euskaltel-Euskadirekin lehiatzera joateko deia, horrelako albisteak beti etortzen baitira ezustean. Halere, oso pozik eta eskertuta nago aukera hau izanagatik.
Bi asteren ondoren jantzi zenuen maillot laranja lehen aldiz, Danimarkako Tourrean. Lehen etapak ez zuen amestutako debut baten amaiera izan: tropelaren erritmoa jarraitu ezinda, epaileengandik kanporatua izan baitzinen.
Ezin izan nuen %100 eman nire debutean. Izan ere, gaixorik egon naiz azken asteetan, eta erdipurdi heldu nintzen Danimarkara. Denak okerrera egin zuen lasterketa aurrera joan ahala, eta hango [Danimarkako Tourreko] pelotoiak ez duenez ezer barkatzen, kanpoan geratu nintzen. Emaitza bestelakoa izatea nahi banuen ere, esperientzia bera sekulakoa izan zen.
Zer irakatsi dizu profesionaletan egindako lehen etapa honek?
Aurkari horien aurrean ezin dela akatsik egin, eta topera joan behar dela, nahi eta nahi ez.
Nolakoa izan zen zuretzat maila goreneko txirrindulariekin nor baino nor aritzea? Esaterako, bertan izan zen munduko txapeldun ohi Mads Pedersen.
Egundukoa izan zen niretzat beraien alboan egotea. Denboraldiaren hasieran telebistan ikusten nituen txirrindulari handi horiek, eta gauza bakarra pentsatzen nuen: beraiekin lehiatzeko aukera izan nahi nuela, hain justu. Ametsa egi bihurtu da, etapa garrantzitsu batean onenen alboan egotea lortu baitut.
Eta, zer sentitu zenuen Euskal txirrindularitzan hain garrantzitsua izan den Euskaltel taldearen parte izatean?
Gogoan dut umea nintzenean soinean eramaten nuela beti Euskaltel-Euskadi taldeko maillot laranja. Orain, ordea, lasterketa batean lehiatzeko jantzi dut; beraz, ezin dut gehiago eskatu.
Axel van der Tuuk txirrindulari gazteak zurekin batera egin du goiko talderako jauzia, eta elkarrekin abiatu zenuten Danimarkako Tourra. Zer nolako babesa izan da bera zuretzat?
Lasaitasuna eman dit taldean Axel Van der Tuuk bezalako txirrindulari batek. Bera dagoeneko profesionaletan ibilia zen, eta alboan izateak asko lagundu dit. Konfiantza transmititu zidan lehen unetik, baita gainerako taldekideek ere.
Viveros San Anton taldean hasi zenuen zure txirrindulari ibilbidea, eta ondoren hiru denboraldi inguru egin zenituen Laboral Kutxan. Euskadi Fundazioa taldean zabiltza egun. Esperotako bidea egiten ari al zara urte hauetan?
Egindako lana bere fruituak ematen ari da, eta hori islatuta geratu zen pasa den denboraldian. Izan ere, denbora eman dut Xabier Mikel Azparren edota Xabier Berasategi bezalako txirrindulariei laguntzen, eta iaz beraien lekuan egotea lortu nuen. Ez nuen inoiz imajinatuko Espainiako erlojupekoa irabaziko nuenik, ezta Bidasoako Itzuliko etapa batean lehena izango nintzenik ere, eta horrela izan zen. Emozionalki asko lagundu zidaten iazko garaipenek. Pelotoi batetik bestera alde handia dago, eta bakoitzetik zerbait ikasten duzu.
Duela urtebete Zumaia Gukari emandako elkarrizketa batean aitortu zenuen zure helburua Euskaltel-Euskadira salto egitea zela. Helburu hori beteta, zein da orain duzun erronka nagusia?
Profesionalen mailan ahalik eta denbora gehien irautea da orain nire nahia, eta tarte horretan zerbait irabazteko aukera badut, are hobeto. Hala eta guztiz ere, alboan ditudan txirrindulariengandik eta lagunengandik ikasten jarraitu nahi dut, hor baitago gakoa.