Autobus zerbitzu berezia egongo da igande goizaldean Oikiako jaietatik itzultzeko

Intza Trula 2025ko abu. 19a, 09:00

Lurraldebuseko autobus bat. (Artxibokoa)

04:00etan izango da Oikiatik Zumaiara joateko autobus berezia. Gainontzean ohiko zerbitzua mantenduko du Lurraldebusek.

Ostiral honetan abiatuko dituzte San Bartolome jaiak Oikian, eta datorren ostegunera arte izango da zer gozatua bertan. Azken urteetan bezala, aurten ere autobus zerbitzu berezia egongo da larunbatetik iganderako goizaldean Zumaiara itzultzeko, abuztuaren 24an goizean, alegia.

Zumaiako Udalak jakitera eman duenez, 04:00etan abiatuko da autobusa Oikiatik, Guascor Energy enpresaren ondotik. Bertan jasoko ditu Zumaiara itzuli nahi duten bidaiariak, autobusa ez baita herrigunetik igaroko.

Gainerakoan, Zumaia eta Oikia lotzen dituen UK07 linearen ohiko zerbitzua mantenduko du Lurraldebusek, eta beharra egongo balitz, autobus handiagoak jarriko lituzke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide