Julen Garciak herrikideen aurrean joko du gaur, Dardara Fest jaialdiaren barruan. Musikari zumaiarra 22:00 aldera igoko da Amaiako plazako agertokira, eta azken urteetan ikasitako guztia eta ondu fituen abestiak herritarrei erakusteko aukera izango du. Kontzerturako ordu gutxiren faltan, "gogotsu eta ilusioz gainezka" dagoela aitortu dio Gukari, eta emanaldiaz bertatik bertara gozatzera joateko deia egin die herritarrei.
Garciak aitortu du berarentzat "oso berezia" izango dela "ibilbide berriko lehenengo parada Zumaian izatea". Hain zuzen ere, musika ibilbidea hasi zuen tokia berean eta hasieran alboan zuen jende horrez inguratuta ariko da. Gaurkoa oso ondo prestatutako emanaldia izango dela ere esan du, eta bi zati "oso desberdin" izango dituela. "Bata oso energikoa; bestea intimoagoa, gitarraren eta rockaren presentziarekin".
Azken urteotan egindako lanaren fruitua erakusteko aukera izango du zumaiarrak. "Urte hauetan konposatzen, ekoizten eta grabatzen ibili garen hori entzuteko aukera izango da gaur gauean". Dagoeneko bi album bukatuta ditu, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, eta ziurtatu du hori guztia plazaratzeko "gogo handia" daukala. "Hurrengo urtean hasiko gara gauzak argitaratzen, baina gaur gauean aurrerapen txiki batez gozatu ahal izango du jendeak".
Garciak alboan izango ditu Madrilgo Creativa musika kontserbatorioko hainbat lagun, baita bere betiko kide Mikel Larrrañaga ere. Horrez gain, gonbidatu berezi bat agertokira igoko dela ere iragarri du; Ainhoa Larrañaga, hain justu. "Nola ez", Jurgi Taboada teknikariaren laguntza izango du artista zumaiarrak, bere proiektuaren "parte garrantzitsua" baita hura ere.