Laura Mars: "Fantasia idaztean koherentea izan behar duzu; bestela dena eroriko zaizu"

Juan Luis Romatet 2025ko abu. 16a, 09:00

Anonimotasuna gorde nahi du Laura Marsek. Ez ditu bere idazle jarduera eta bizitza pribatua nahastu nahi, eta liburuak publikatzeko erabiltzen duen izengoitia da, hain zuzen, Laura Mars. Izen horren pean hamalau liburu atera ditu dagoeneko. Datu pribatu bakarra eman du: Zumaian bizi da azken lau urteetan.  

Zumaian bizi zara urte batzuetatik hona. Nola heldu zinen herrira? 

Ikastetxe onen bat zuen kostaldeko herri baten bila ari ginela heldu ginen Zumaiara. Kostaldeko herri guztiak bisitatu genituen, Bizkaian zein Gipuzkoan. Zumaiara heldu eta zera esan genuen: hau da lekua.  

Blog bat duzu, eta han argitaratu dituzun liburuen berri ematen duzu. Liburu kopuru mardula duzu dagoeneko egina. Baina nola hasi zinen idazten? 

Txikitatik irakurle porrokatua izan naiz, eta txikia nintzela hasi nintzen idazten ere. Ipuinak idazten nituen, istorioak, eta asko eskolan oinarrituta zeuden. Izen faltsuak erabiltzen nituen istorio horietan, baina igartzen zen zein ziren protagonistak. Nerabetasunera heldu nintzenean, Stephen King, Edgar Allan Poe, Lovecraft eta horien gisako idazleen lanak irakurtzen hasi nintzen, eta gai ilunagoetan sartu nintzen. Kontakizun laburrak idazten hasi nintzen gero, eta ikusi nuen nirea pasioa hori zela. Poemak ere idatzi izan ditut, baina oso gutxi ditut publikatuta. Bestalde, 20 bat urte nituenean hasi nintzen nobelak idazten, nahiz eta saiakeraren bat edo beste eginda nuen aurretik. Nobela bat idaztea desberdina da, datu gehiago behar dituzulako. Idatzi nuen lehen nobela El especialista en viajes en el tiempo izan zen, eta hura egitean, nire buruan zerbaitek klik egin zuen; geratu gabe hasi nintzen idazten, gaur egunera arte. 

Gaztetan irakurtzen zenituen idazle horiek eragina izan al zuten idazten hasi zinenean? 

Eragin handia izan dute, bai. Adibidez, Enderren jokoak [Orson Scott Carden eleberria] eragin handia izan zuen. Hura irakurri nuenean zeharo txundituta geratu nintzen. Liburu hark zabaldu zidan zientzia fikziorako atea. Agian, txikia zarenean, fantasia gustatu egiten zaizu, abenturak, baina haurrentzako zientzia fikziorik apenas dago. Enderren jokoak lanak mundu horretara eraman ninduen. Gero, noski, Harry Potterren liburuak ere hor daude. Inspirazio iturri handia izan ziren horiek niretzako, garai hartan irakurri zituzten guztiei gertatu zitzaien bezala.  

Fantasiazko liburuak idatzi dituzu, zientzia fikziozkoak, baita erromantikoak ere. Drama, baina, ez duzu ukitu. 

Ez, drama ez dut gustukoa. Beranduago hasi nintzen drama irakurtzen. Fantasia, zientzia fikzioa, terrorea... hori guztia oso gustuko dut, bai irakurtzeko, bai idazteko. Erromantikoarekin beranduago hasi nintzen, halakoak irakurtzen ere berandu hasi nintzelako. Gaztetan ez ninduen erakarri sail horrek, baina irakurtzen hasi nintzenean ikusi nuen nola erakartzen zuen, eta ideia batzuk izan nituen. Dramatikoa ez zait gustatzen; ez zait gustatzen ez irakurtzea, ez idaztea. Noski, nire liburuetan badaude une dramatikoak, baina ez dut lantzen drama genero gisa. Ihesbideko literatura dut gustuko. Bukatzen dituzunean irribarrea uzten dizuten, edo, behintzat, deskonektatzeko baliagarriak diren liburuak gustatzen zaizkit.  

Dramak, komediak, askotan errealitatean oinarrituta daude. Fantasian ez hainbeste. Mundu horiek sortzea erraza egiten al zaizu? 

Biak ukitzen ditut. Liburu batzuetan errealitatea ukitzen dut, liburu erromantikoetan, esaterako. Badut liburu bat Lehen Mundu Gerran oinarrituta dagoena. Hori osatzeko dokumentazio lan handia egin behar izan nuen, eta kontu handia izan jartzen nituen datuekin. Fantasian lizentzia gehiago har ditzakezu, baina, aldi berean, koherentea izan behar duzu, bestela zure mundu hori erori egingo delako. Magia sistema bat sortzen baldin baduzu, sistema horrek koherentea izan behar du, bestela irakurlea konturatu egingo da. Fantasiazkoa izanda ere, zentzu bat izan behar du. Ameslaria izan behar zara, baina beti ere zentzua izan behar du kontatzen duzunak.  

Fantasiazko istorioak mundu guztiari gustatzen zaizkio txikitan, baina heldutasunera heltzean zaletasun hori alde batera uzten da. Badirudi fantasia bitxientzako kontua dela.  

Fantasia oso beharrezkoa da. Nik uste aurreiritziak direla ezer baino gehiago. Ez baduzu narratiba oso sakona edo dramatikoa irakurtzen, badirudi horrek ez duela balio. Fantasia beste mundu batzuetara eramaten zaituen genero preziatua da. Jules Vernek, esaterako, zientzia fikzio zoragarria idatzi zuen, eta hura helduentzako zen. Ameslari osoa zen Verne. Heldua zarenean beste mundu batzuetara bidaiatzeak ez luke arraroa izan behar. Helduentzako zientzia fikziozko eta fantasiazko liburuak idazten dira egun. Idazle horiek irakurleekin bat bat egitea da gakoa. 

Fantasiazko liburuak idatzi dituzu. Zein adin tartetako irakurleei zuzenduta daude? 

Liburuaren arabera batzuei edo besteei. De origenes y estallar en llamas, esaterako, 10 urtetik gorako haurrek irakur eta uler dezakete. Banpiroen eskolako sagan heldutasunerako saltoa eman nuen. Horiek denak Zumaiako liburutegian daude eskuragarri. Sagako liburuak gazteen literaturako apalean daude, une gogorragoak biltzen dituztelako; hilketak gertatzen dira, odola dute. Fantasia ilunagoa dute horiek, baina abenturak ere bai, zati desberdinak baititu.

Norbaitek pentsa dezake haurren literatura idaztea errazagoa dela. Hala al da? 

Maite ditut haurrak jarraitzaile bezala, zintzoagoak direlako. Zerbait gustatu ez bazaie, esan egingo dizute. Gauzak gustatzen zaizkienean ere zintzoak dira haurrak. Liburu azoka batean, esaterako, haur batek marrazki bat egin zuen nire pertsonaia guztiekin, eta atzean zerbait idatzi zuen; marrazkia niri eman zidan. Oroigarri horiek oso garrantzitsuak dira niretzako. Haurrentzako idaztea konplexua da, eta ardura parte bat ere badu. Liburu batean kontatzen duzun istorioa da niretzako garrantzitsua, baina baita balio bat edo beste partekatzea ere.  

Lau liburuko saga bat sortu duzu. Jarraipena izango du edo amaitutzat emango duzu? 

Irakurleek jarraitzea nahiko balute ere, amaitu dut saga. Ulertzen dut mundu horren inguruko gehiago nahi izatea. Eta polita da hori, gustatu zaielako, mundu horren barruan irudikatu dutelako beraien burua. [Nazaryannen saga sortzeko] Ideia paseatzen ari nintzela etorri zitzaidan; kalezulo bat ikusi nuen, iluna, eta ikertzen ari zen norbait etorri zitzaidan burura. Auskalo zergatik, banpiroekin pentsatzen ere hasi nintzen. Banpiro detektibe baten ideia sortu zitzaidan, eta nire buruari galdetu nion zer eskolatara joango zen banpiro detektibe bat. Etxera itzultzean, burutazioak paperean idazten hasi nintzen. Eskolaren ideia etorri zitzaidan, banpiroen eskola batena. Ideia txiki batetik sortu zen banpiroen eskolaren saga osoa.  

Fikzioa lantzen badut ere, beti errealitatean edo zientzian oinarritzen naiz. Adibidez, banpiroez hitz egiteko, benetan existitzen diren saguzarrei buruz informatu nintzen. Hiru saguzar mota daude, eta horien arabera hiru banpiro mota desberdin sortu ditut. Bata Nosferaturen moduko banpiroa izango litzateke, bigarrena normalagoa, eta hirugarrena goi mailako klaseko banpiroa. Saguzarren elikaduraz ere informatu naiz. Beraz, fikzioa da? Bai, baina errealitatean ere oinarritu naiz. 

Saga egitea erabaki zenuenean, ez al zenuen pentsatu karga bat ere bihur zitekeela? 

Hasiera eta amaiera dituen liburu batekin ez bezala, saga batekin presio gehiago izan dezakezu. Ona izan zen saga egiteko bidean hazten eta harritzen joan nintzela. Laugarren liburuan, adibidez, badaude sekula otuko ez litzaizkidakeen gauza batzuk. Zeure buruari erronkak jartzeko modua ere bada sagak egitea.  

Nazaryannen lehen liburuarekin 2021eko Ignotus sarietarako finalista izan zinen.  

Irakurleen botoen bidez erabakitzen dira Ignotus sariak, baina aldi berean zaila da botoa ematea. Fantasiazko edo terrorezko talderen bateko kidea izan behar duzu, edo aurrez izena eman behar duzu botoa eman ahal izateko. Boto prozesua babestu egiten dute, boz faltsuak ez jasotzeko. Prozesua zaila izan zen; pentsa, nire familiak ere ezin izan zuen botorik eman. Horregatik, sorpresa handia hartu nuen nire liburua finalista zela jakin nuenean.

Argitaletxea baduzu, baina zure liburu batzuk autoedizioak izan dira. 

Txandakatzen ibiltzen naiz. Idazle hibrido bat naiz. Alde batetik, modu tradizionalean lan egiten dut, eskuizbrikuak argitaletxetara bidaltzen eta abar; oso mundu konplexua da hori. Bestalde, liburuak autoeditatzen ditut. Autoedizioak lan handia suposatzen du, zeuk egin behar duzulako dena. Baina, aldi berean, pozgarria da, bestela tiraderan geratuko ziren lanak publikatzen dituzulako.  

Argitaletxe batek, agian, ikusgaitasun gehiago eman dezake. Autoedizioen kasuan, zu zeuk egin behar duzu promozio lan guztia. Hala al da?

Ez ezazula pentsa. Argitaletxeekin ere zeuk kudeatu behar dituzu sare sozialak. Idazle batek ezin du inoiz eserita egon, besteek lana zuretzako egiten duten bitartean. Ahal duzun gehien mugitu behar duzu, izan autoeditatutako liburua edo argitaletxearen bidez ateratakoa. Bakoitzak ditu bere abantailak eta desabantailak, eta horrela, batetik bestera mugitzen naiz.  

Posiboe al da literaturatik bizitzea?

Ezinezkoa da literaturatik bizitzea. Horretarako, salmenta handiak izan behar dituzu hilero; jarraikorrak izan behar dute salmentek. Gainera, idazle batek bere liburuengatik jasotzen duen diru kopurua urria da. Biziraun ahal izateko milaka liburu saldu behar dira hilero. Zergatik jarraitzen dudan idazten? Bada, maite dudalako eta niretzat pasioa delako.

Etorkizunera begira, zer asmo dituzu? 

Orain gutxi Cuando una estrella se apaga liburua kaleratu dut. Lau eskutara idatzi dut lan hori, beste idazle batekin, L.P. Fabianirekin hain zuzen. Amazonen literatur sarietara aurkeztu dugu liburu hori. Milaka lan aurkezten dituzte sari horretara, eta oso zaila izango da irabaztea, baina ikusgaitasuna emango digu. Helduentzako zientzia fikziozko liburu bat da. Bitxikeria moduan, azaleko argazkia NASAk eman zigun.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide