Iazko udan zendu zen Eva Romatet zumaiarra. Zumaiakoren emakumezkoen taldeko oinarrietako bat izan zen, eta gaur harekin futbolean aritu ziren lagunek omenaldia eskaini diote, non bestela, Aita Mari futbol zelaian.
Maitane Urbieta kazetariak ekitaldian esan zuen bezala, altueraz txikia zen Eva Romatet, baina izaeraz handia, eta merezitako omenaldia jaso du gaur. Omenaldiaren ondoren partida jokatu duten Realeren B taldeak eta Getxoko Bizkerre batera zelairatu dira, kapitainek Zumaiakoren 4 zenbakidun kamiseta eskutan zeramatela. Izan ere, zenbaki horrekin jokatzen zuen, zelai erdian, Romatetek.
Bitartean, harekin aritu ziren jokalariek pasillo bat egin dute, eta haien artetik pasa dira Romateten familiartekoak zelai erdira. Lore-sorta eta oroigarri bat oparitu diete familiartekoei. Amaitzeko, Eva Romateten omenezko aurreskua dantzatu dute lagunek.
Partidak eta bazkaria hilaren 30ean
Omenaldi ekitaldiek jarraipena izango dute abuztuaren 30ean, larunbatez. Egun horretan, emakumezkoen partidak jokatuko dituzte Aita Marin, eta ondoren bazkaria egingo dute.
Goizeko 09:00etan, infantil mailako partida jokatuko dute Zumaiakoren bi taldek, eta 10:00etan, kadete mailakoa Zumaiakok eta Azpeitiko Lagun Onakek. Jarraian, 11:00etan, Zumaiakoko beteranoak arituko dira elkarren aurka.
Eguna borobiltzeko, 14:30ean bazkaria egingo dute, eta Zumaiakoren emakumezkoen taldearekin edo Eva Romatet berarekin harremana izan duten guziei dago irekia. Izena emateko, 624 38 38 72 (Esti Garcia) edo 619 42 43 37 (Itziar Beristain) telefono zenbakietara deitu daiteke.