Kolore biziak eta musika doinuak, bihar Kuadrilla egunean

Juan Luis Romatet 2025ko abu. 15a, 10:55

Eire bikotea iazko Dardara Fest jaialdian. (Juan Luis Romatet)

Haur eta gazteentzako merienda eta jolasak izango dira arratsalde partean, eta Dardara Festa musika jaialdia, gauera arte, Amaiako plazan.

Gala eguna eta Euskal Jai eguna ospatu ostean, abuztuko egutegian gorriz markatutako beste egun baten atarian da Zumaia. Bihar, abuztuko hirugarren larunbatean, Kuadrilla eguna izango da herrian. Kolore biziko kamisetak eta alkandorak jantzita, egun horretarako iragarritako beroari aurre egin nahiko diote herritarrek. 

Arratsalde partean egingo dituzte Kuadrilla eguneko ekitaldiak. Arratsaldez, Odieta frontoian, haur eta gaztetxoentzako parkea izango da, bi eremutan banatuta. 17:00etatik 20:00etara bitartean izango dira aipatu parkeak martxan, eta indarrak hartu nahiko dituztenek merienda osasuntsua hartzeko aukera ere izango dute. 

Arratsaldean baita ere, baina 18:30ean hasita, Oria txarangaren kalejira izango da. Gauean, aldiz, Kofradian 22:30ean hasita, Arima Cool diskofesta egingo da. 

Musika jaialdia, Amaiako plazan

Ohikoa den bezala, Kuadrilla egunarekin batera, Zumaiako Dardara musika kolektiboak antolatutako Dardara Fest jaialdia egingo dute Amaiako plazan. 19:00etan hasiko dira lehen kontzertuak, eta gaueko 02:00ak arte txandakatuko dira musikari eta taldeak plaza horretan jarriko dituzten agertokitik.

Aurtengo Dardara Festen STR, Izan Bai, Bisal eta Saguxar taldeek joko dute. Julen Garcia zumaiarra ere zuzenean entzuteko aukera izango da bihar egingo duten jaialdian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide